Etxea eskola eta eskola etxe. 1943. urtetik 1973. urtera, Xoxokako Eskolak edukitako azken irakaslea izan zen Pepita Campos. Bertan bizi zen, bere bi alabekin. Marisa Berrueta da gazteena eta oroitzapen gozoa gordetzen zu Goiburun emandako urteez.
Nola iritsi zineten Urnieta bezalako herri txiki bateko auzunera?
Baten batek esanda etorri ginen. Lau hilabete nituen nik hona (Xoxokara) etorri ginenean. Ahizpak bi urte zituen. San Martin kalean bizi ginen, orduan, Donostian. Handik hona etorri ginen. Lehenago, eskola pribatu batean aritu zen ama. Hura utzi zuen gu txikiak ginelako eta gurekin egoteko, garai hartan, ez baitzegoen haurtzaindegirik ez ezer. Ondoren, hona etorri ginen. 1903. urtekoa zen ama; bada, jada, 40 urte zituen Xoxokara etorri ginenean, 1943. urtean.
Eskola bera al zen zuen etxea?
Etxea eta eskola, guztia bat zen guretzat. Neu ere izan nintzen bertako ikasle. Uztailean urteurrenean, ikusi nuenean, tripak nahastu zitzaizkidan, "hau ez da nire etxea", pentsatu nuen, oso aldatuta ikusi nuen eta! Sukaldea eta bi logela. Kito. Eskola zegoen ere, eta komun bat denentzat, bai ikasleentzat, bai etxekoentzat.
Zein harreman zeneukaten inguruko baserritarrekin?
Inguruko haur guztiekin jostatzen nintzen, guztiak baikinen lagunak: minertarrekin, Bekobordakoekin, Maingoenekoekin... Amak ere harreman ona zuen inguruko baserritarrekin.
Amak ez zekien euskaraz. Zuk, ordea, ikasi zenuen.
Biak! Bai euskara, bai gaztelania. Amak ez zuen euskaraz ikasi, baina ni lau hilabeterekin etorri nintzen Xoxokara. Auzoko umeekin ikasi nuen nik euskaraz hitz egiten, beraiek ez baitzekiten espainieraz. Gaztelania klaseetan ikasi genuen.
Gaur egun, pixka bat gehiago kostatzen zait euskaraz egitea, Donostiako lagunek gaztelaniaz hitz egiten baitute. Bilobarekin pixka bat berreskuratu dut, dena dela.
Unibertsitate ederra izan zen, auzotarren esanetan, Xoxokako eskola. Zuk ere horrela oroitzen al duzu?
Niretzat ere bai. Eskola bukatu eta josten ikasten hasi nintzen, lehenik, Urnietan, Kaxetako Maria eta Margarita Arizmendi ahizpekin, eta, ondoren, Donostian. Oso goiz alargundu nintzen eta, mertzeria- eta lentzeria-denda jarri genuen, Donostian.
Urruti samar zegoen herrigunea Xoxokatik. Herrira, kalera jaisteko ohitura al zeneukaten?
Elizara joaten ginen, igandero, baina askoz gehiagorako ez. Hemen ibiltzen ginen jostatzen, ingurukoak. Orduan ez zegoen telebistarik, ezer ere ez, etxetik kanpo ibiltzen ginen auzoan. Gerora, nagusixeagoak ginenean, 14-15 urterekin, kalera (herrira) joaten ginen, gramolara eta...!
Zer egin zenuten behin zuen amak erretiroa hartuta?
Hamasei bat urterekin joan nintzen Donostiara bizitzera. 1973an, amak erretiroa hartzean, bertan nengoen bizitzen eta orduan alargundu nintzen, bi semerekin.
Pena eman zidan eskola itxi izanak. Egia da behin herria utzita ez ginela asko itzultzen Urnietara. Gehienbat, gure ama gerturatzen zen Donostiara, asteburuetan. Astelehen goizean trenean Urnietara etorri eta taxiz igotzen zuen GoÒik "Txintxua”-k. Eta, kotxeak ez zeudenean, Maritxu Minerrek edo Dolores Juangorenak jaso izan zuten astoan.
Urteak igarota, nola oroitzen zituen amak Xoxokako urte horiek?
Asko gogoratzen zen eskolarekin, urte asko eman baitzituen bertan, 30. Oso oroitzapen ona zuen. Harreman handia egin zuen baserritar batzuekin, adibidez, Maingoeneakoekin. Bertakoari nik "amona" deitzen nion, amona Martina.
Eta zuk? Berezia egiten zaizu tokia oraindik ere?
Oroitzapen ona daukat nik ere, oso ona. Batzuekin mantentzen dut harremana, gaur egun ere. Beti gogoratzen naiz asko toki honekin, hemen hazi izan naiz eta.