Bada, bidaia horretan, Paolo Mohovich zuzendari artistikoa dute bidelagun. Dantza garaikidean, nazioarteko zirkuitoan ospea duen koreografoa da italiarra. Hori horrela, birritan jasoko dute haren bisita: aurreko astean, pare bat egunez adituarekin batera izan ziren Sarobe arte eszenikoen gunean ideiak zein mugimenduak zorrozten. Bigarrenez, datorren urtean elkartuko dira, lana estreinatu aurreko sasoian. Bestalde, Ines Osinaga artista ezagunak ipiniko dio doinua ikuskizunari. Konpainiaren hitzetan, artistaren melodiek “nortasun berezia eta indar emozionala” emango diote emanaldiari: “Musika beti izan da konpainiaren sorkuntza-prozesuaren funtsezko osagaia”.
2026an aurkeztuko dute lana eta 2027an antzokira egokitzeko asmoa dute. Bien bitartean, Saroben, beren egoitza artisikoan izango dira buru-belarri lanean.
Itzuli ederra emanda
Sormen-lanean sartuta dabiltzan arren, plazaz eta jendaurreko emanaldiez gozatzeko tartea hartu dute dantzariek udako sasoian: ekainean, abuztuan nahiz irailean, Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako hainbat herritan izan dira, “Amama”, “Aiurri”, “Fusioak”, eta “Maurizia naz” bezalako lanekin. Horrez gain, etxetik kanpo ere egin dute salto Herrialde Katalanetara, Les Preses herrian izan baitziren, Esdansa jaialdian.