"Erromeriak duen esentziari eutsita, kantu berriak ere jotzen ditugu"

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ira. 12a, 07:33

Udako festen itzulia amaituta, sasoiko hasi du ikasturtea Komerik erromeriak. Doinu zaharrak eta berriak nahastuta, Etxeberri auzoko jaietan izango dira ostiral honetan, iluntzeko 20:30etik aurrera.

Berezia zaie Joseba Arretxe Goenagari (trikitia) eta Libe Iribar Rodriguezi (ahotsa eta panderoa) hitzordua, etxean bertan joko baitute. Haiekin batera izango dira taula gainean Leire Ibañez Urdangarin (baxua), Enaitz Mendizabal Elizegi (bateria) eta Noa Sarriegi Santa Cruz (ahotsa eta gitarra).

Duela zenbat ekin zion komerik erromeriak oholtza gaineko bidea- ri?

Talde gisa, duela bi urte, hasi ginen, 2023ko irail partean. Baina, lehenengo aldiz, urte bereko uda hasieran elkartu ginen, Kris Solanok deituta, Amasa-Villabonan. Pare bat kantu prestatu genituen egun horretarako. Ondoren, irailean, Komerik izenarekin taldea sortu eta kontzertuak ematen hasi ginen.

Uda izan ohi da erromeria-taldeentzat urteko sasoirik oparoena. plazaz plaza gelditu gabe ibili al zarete?

Ondo joan da uda, kontzertu batzuk izan ditugu: Hernaniko San Joanetan, Aranon, Ergobin... Urrutira joateko aukera ere eduki dugu, Berbintzanara, Nafa- rroara. Denetan eguraldiak lagundu du eta jendea azaldu da.

Oholtza gainean ibilitakoak al zineten, taldean hasi baino lehen?

Bai, musika-eskolako kontzertuen harira, baina ezberdina da. Erromerian bakoitzak bere lana du eta koordinazioa oso inportantea da. Pixkanaka, hobetzen ari gara hori, entseatzeko gelditzen gara, Sandiusterrin, ekipoa eta bateria daukan gela bat hartzen dugu. Zaila da, batzuetan, bost izanda, bakoitzak bere gauzak dituelako.

Zenbat eta kontzertu gehiago eman, orduan eta hobeto sentitzen gara. Hasieran, urduri- tasun handiagoa sentitzen genuen eta lasaiago aritzen gara, orain. Hobeto ulertzen dugu elkar, gainera.

Doinu zein kantutegi tradizionalekin lotu izan dira beti erromeriak. oinarri horri eusten diozue edo gaur egungo melodiak ere jotzen al dituzue?

Erromeriak duen esentziari eusten diogu, baina kantu berriak ere jotzen ditugu. Bietatik jotzen dugu: batetik, tradizionala, parrandan entzuten den euskal musika eta, bestetik, artista berriak, adibidez, Süne, Mirua...

Zein nolako publikoa gerturatzen zaizue gehienbat?

Asko aldatzen da, ordutegien eta herriaren arabera. Gazte jendeak kontratatzen gaitu, gehienbat. Orduan, publikoa, nagusiki, gaztea izaten da. Hemen inguruan baldin bada kontzertua, gure gertukoak ere etortzen dira. Publikoaren arabera ere moldatzen dugu joko dugun errepertorioa.

Berezia izango da zuotako batzuentzat ostiraleko saioa, etxean izango baitzarete.

Xoxokan eta Azkorten jo dugu, baina gure lehen aldia da herrigunean bertan. Eskertuta gaude, Etxeberriko auzo elkarteko kideekin, Urnietan jotzeko aukera emateagatik. Herrikoak gu ikustera etortzeko gogotsu gaude. Ordu onean izango da, 20:30ean, ea eguraldia aldeko daukagun!

Presio puntu bat dakar horrenbeste jende ezagunen aurrean jotzeak? edota ilusioa da nagusi?

Bietatik sentitzen dugu pixka bat... Baina, beharbada, presioa eta konpromiso gehixeago bai...! Hala ere, jotzen hasi bezala ahaztu egiten zaigu hori eta gogotsu gaude! Anima dadila jendea Etxeberrira!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!