Hitzak eta doinuak, Bidasoatik harago

Aiurri 2025ko ira. 15a, 07:32

Artxiboko irudia.

Emanaldi berria aurkeztuko dute, urrian, Jon Garmendia “Txuria” urnietarrak zein Xabi Solano ereñotzuarrak: “Bidasoatik harago”. Estreinaldia Hernanin izango da, urriaren 23an.

Hiru hamarkada daramatza Jon Garmendia “Txuria” urnietarrak Xabi Solano ereñotzuarrarekin elkarlanean sortzen. Etzakit, 4itzal edo Esne Beltzaren gisako taldeetan, orotara, 250 kantutik gorako bilduma dute osatuta, Garmendiak hitzak idatziaz eta Solanok melodiak ipiniz. Hala, nahiz eta bakarka, nor berean ere aritu, motiboa topatu dute biak batera berriro oholtza gainera igotzeko, “Bidasoatik harago” emanaldiarekin.

Egileen esanetan, “zentzuak eta emozioak esnatzeko gonbidapena” da lana. Ipuin laburrak, kantuak nahiz poemak, trikitixa zein gitarra lagun, “herriaz, kulturaz, historiaz, desirez, ametsez eta maitasunez” hitz egingo dute bi protagonistek ikuskizunean: “Hegoaldetik iparraldera eta iparraldetik hegoaldera, Bidasoa ibaian barrena, hitzekin eta musikarekin jolasean arituz, entretenimendu aberasgarri bat”, da ikuskizuna.

Horrela, urriaren 23an ekingo diote emanaldiaren aurkezpen-sortari, Hernaniko Biteri kultur etxean. Jarraian, lau hitzordu dituzte aurreikusita azarorako: Getxo (azaroak 7), Bilbo (azaroak 18), Atharratze (azaroak 22)  eta Gazteiz (azaroak 30).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!