Zinemira saila zabalduko du "Ez gera alferrik pasako" dokumentalak

Aiurri 2025ko ira. 16a, 07:06

Artxiboko irudia

Lurdes Iriondoren ibilbidea eta garaia ardatz duen filma 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saileko eskaintzaren parte izango da, eta baita Irizar Saria eskuratzeko hautagaia ere. 

Irizar Saria eskuratzeko hautagai, Zinemira saila irekiko du Inge Mendioroz Ibañez andoaindarrak zuzendu eta Idoia Garzes Aldazabal lasartearrak idatzitako dokumentalak: Lourdes Iriondoren ibilbidea askotariko zertzeladetatik irakurtzeko gonbitea luzatzen dio obrak ikusleari, gaiaren bueltako beste makina bat hausnarketa egitearekin batera. Sinopsiak honako hau dio: "Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Trasmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak".

Zinemaldian, aste honetan

Filma 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saileko eskaintzaren parte izango da, eta baita Irizar Saria eskuratzeko hautagaia ere. Hiru emanaldi dira:

Irailak 19, ostirala

  • 16:00 Principe 9 aretoa. Aurkezpena eta solasaldia.
  • 22:45 Principe 2 aretoa.

Irailak 20, larunbata

  • 18:15 Trueba 2 aretoa.

Artxiboko irudiek zein elkarrizketatuen lekukotzek osatzen dute kontaketaren bizkarrezurra. Hala, hitza hartu dute, besteak beste, Koro Berasategi Iriondo abeslariaren ilobak eta Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIA egunkariko zuzendariak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!