Lourdes Iriondo Mujikari emango dio Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aiurri 2025ko ira. 17a, 11:51

Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak hedabideen aurreko agerraldian egin du iragarpena. Foru erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da, 2008an Mikel Laboa zenari eman ostean. 

Aldundiak adierazi duenez, Gobernu Kontseiluak onartutako errekonozimendu honen bidez “Lourdes Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi da, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere”. 

Iriondo bidegilea izan zen hainbat alorretan: “Bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean. Bere abestietan euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen, eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!