Babilonia baserria eraitsi dute

Aiurri 2025ko ira. 24a, 13:02

Artxiboko irudia.

Behera bota zuten, atzo arratsaldean hondeamakinek Babilonia baserria. Oztaran auzoan kokatuta, herriko memoria historikoan garrantzi handiko geldialdia zen, gaurdaino zutik iraun duen eraikin zaharrenetakoa baita. Besteak beste, bertan bizi izan zen 1989. urtean Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarrak eraildako Joxe Kamio Larrañaga urnietarra.

Begirada atzera botaz gero eta Teresa Amuategi herriko emagin eta historia-ikerlariaren “Urnietako etxe eta baserriak” (Urnietako Udala, 1998) liburura jauzi eginda, hamarkada luzetan, sagardotegi eta taberna izan zen Babilonia baserria. Egileak aipatzen duenez, 
zamalzainak, morroiak, gurdizainak, mandozainak egon ohi ziren bertan, etxeak bizilagun zuen Posta baserrian ostatu hartzen zuten bidaiariak, hain zuzen ere. Amuategiren hitzetan, jarraia zen jatorri desberdinetako bidaiarien ugaritasuna: “Ondorioz, hizkuntza dialekto desberdinekin, baten batek, hizkuntza nahasmenduen sinboloa den Babelgo Dorrea gogoratuz, taberna honi Babilonia izena”.

Kamioren etxea

Joxe Kamio Larrañaga Urnietako Babilonia baserrian jaio zen, 1928ko otsailaren 28an. Hala, bertan bizi zen  Bittori Larrañaga Errarte amarekin Joxe Mari Kamio Azurmendi aitarekin bai eta Luis, Gloria eta Gumersinda, anai-arrebekin ere, harik eta 1936. urtean familia Hernanira bizitzera joan zen arte.

Herriaren memoria historikoan pisua duen izena da Joxe Kamio Larrañagarena: 1980an, 54 urte zituela, Hendaian bizi zen, Tere Osa emaztearekin eta Alex eta Mari Nöelle seme-alabekin. Asteburuetan, Hendayais tabernan hitzordua edukitzen zuen adiskideekin, kartetan jokatzeko. Hala, urte hortako azaroaren 23an, igandearekin, arratsaldeko 19:00tan, Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarreko bi kide armatu tabernan sartu eta tiroka hasi ziren. Bi pertsona erail zituzten, Joxe Kamio eta Jean Pierre Haramendi, eta beste hamar lagun zaurituta utzi zituzten. 

Egileak Irungo mugan atxilotu zituzten handik gutxira, baina baita aske utzi agudo, Billy el Niño eta Ballesteros komisarioei hots egin ostean. Estatu-aparatuen inpunitatea agerian uzten duen kasua da, ofizialki errudunik gabe jarraitzen duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!