Markel Carmona Lesacaren aldeko erronka solidarioa, datorren asteburuan

Alba Cabrera Jauregi 2025ko urr. 2a, 12:48

Urriaren 3an eta 4an, elkartasuna ardatz, egitarau zabala antolatu du Hernanin Aurrera Markelekin elkarteak, Carmonak pairatzen duen gaixotasun arraroari ikusgarritasuna emateko helburuz. Atzo egin zuten prentsaurrekoa Biteri alboko plazan. 

Ez du etenik Markel Carmona Lesacaren aldeko elkartasunak: ekitaldi solidarioa antolatu du Aurrera Markelekin elkarteak urriaren 3an zein 4an, Hernaniko Atsegindegi plazan. Askotariko erronkak eta kultur-hitzorduak hartuko ditu asteburuak, etenik gabe 24 orduz jarraian. Xabier Salillas eta Abel Fernandez kirolariak ergometroan ariko dira hamabi orduz jarraian Hernaniko arrun elkartearen aurka. Jarraian, korri egiteko makinara igo eta Denontzaten kontra beste hamabi orduz izango dira gelditu gabe martxan.

Carmonak pairatzen duen gaixotasun ultraarraroari ikusgarritasuna emateko helburuz antolatu du Aurrera Markelekin elkarteak asteburua, sentsibilizazioa areagotzeko asmoz, baita mugikortasun murriztua duten pertsonen eskubideen alde borrokatzeko ere: “Egokitutako espazioak, oztoporik gabekoak, inklusiboak eta berdintasunezkoak nahi ditugu guztiontzat”.

Gaur egun, oraindik ere, urria da gaitzari aurre egiteko baliabide-sorta: mugikortasun-arazoekin jaio zen Carmona, baita kognitiboekin ere, GNAO1 genean izandako mutazio batek eraginda. Elkarteak adierazi duenez, EAEko kasu bakarra da Carmonarena, 20 pertsona daude Espainian egoera berdinean, eta, nazioartean, guztira, 180 pertsona.

Hori horrela, elkarteak azaldu du urriko lehen asteburuan bildutako dirua, beste zenbaitetan egin izan duen antzera, ikerketa sustatzeko eta familiei terapiako kostuak arintzeko erabiliko dela, gaixotasunari ikusgaritasuna emateko bidean.

ERRONKA SOLIDARIOA HERNANIN
Urriak 3 eta 4

18:00-06:00 Lehenengo erronka:Xabi (Forest Gamp) eta SpiderAbel vs Hernani Arraun elkartea. 12 ordu arraunean, gelditu gabe.

06:00-18:00 Bigarren erronka:Xabi (Forest Gamp) eta SpiderAbel vs Denontzat. Gimnasioa.

EGITARAUA:

Urriak 3, ostirala

18:00 Erronkaren hasiera: Leire Retegi txistularia eta Xanti Nazabal dantzaria.

19:00 DJ Katxorro.

21:00 Ogitarteko solidarioa.

22:00 Kontzertua: Arrixku.

Urriak 4, larunbata

11:00 Musika eta buruhandiak: Hernaniko Banda eta Hernaniko Gazte Banda.

12:00 Herri kirol erronka Hernani vs Urnieta.

14:00 Ogitarteko solidarioa.

16:00 Gora Musika! ikuskizuna. Taupada, batukada eta kalejira.

17:00 Kontzertua: Mendeku.

18:00 Erronkaren bukaera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!