Protagonismo berezia hartu zuen duela bi asteburu Hernanin Aurrera Markelekin elkarteak: gaixotasun ultrarraroa daukan Markel Carmona urnietarraren aldeko hitzordu solidarioa izan zen, joan den ostiralean zein larunbatean Atsegindegi plazan. Xabier Salillas eta Abel Fernandez 24 orduz izan ziren kirol-jardunean, atsedenik hartu gabe: lehen hamabi orduetan, ergometroan aritu ziren, Hernaniko arraun-elkarteko kideak lagun. Hala, gainerako hamabiak zinta gainean egin zituzten, martxan, Denontzatzeko kideekin batera. Bien bitartean, kirol-jarduna samurtze aldera, egitarau oparoa prestatu zuen Aurrera Markelekin elkarteak: musika, erraldoiak, herri-kirolak, bazkaria…
Ez da Xabier Salillasek Aurrera Markelentzat horrelako erronka bat egiten duen lehen aldia. Izan ere, 2022ko azaroan 48 orduko jarduna egin zuen: 24 ordu, bizikleta estatikoan eta 24 ordu korri egiteko zintaren gainean. Hala, gertukoa du elkartea Hernaniko kirolariak eta berezia egin zaio asteburuko hitzorduan parte hartzea: “Indar handia ematen du Markelen alde dela jakiteak, hor daudela, lagunak, familia…”.
Martxan soberan ibilia bada ere, ergometroan dozena bat orduz sekula egon gabekoa zen Salillas lehenago. Urtarriletik apirilera arte, gutxi gorabehera, egunean ordu erdiz aritu zen entrenatzen: “Arraunean aritzeko ez naiz askorik prestatu. Entrenatu, entrenatu dut, baina hamabi orduz aritzeko, ezinezkoa. Martxa egiten dut nik eta nire denboraldia daukat, nire lasterketak... ”. Nahiz eta intentsitate txikian aritu, ohitura ezaren aurrean, gorputzean minak agertzen hasi zitzaizkion Salillasi, ergometroan orduek aurrera egin ahala: “Besoak eta ipurdia, gaizki. Abdominalak ere bai, baina normala da hori, gorputz-jarrerarengatik”. Zer egin, bada, nekea gainera etortzean? "Segi aurrera", esatea da gakoa hernaniarrarentzat.
Bada horrelako erronka bat egiteko gorputza bezain beste entrenatu behar den zerbait: burua. Psikologo baten laguntza jaso ohi du horretarako Salillasek; muturreko egoerei eusten ikasten du, horrela. “Neure onetik ateratzen nau, mugara eramaten nau: momentu batzuetan, jo egin nahi dut, negar egin, barre egin, besarkatu…”. Gauza bera egiten du gorputzarekin entrenamenduetan: “Muturreko egoera guztiak bilatzen ditugu, ondoren, erronketan prest egon gaitezen”.
Babes zabala jasota
Erronkaren lehen orduetan jende gutxi urreratu arren, babes zabala sentitu zuten kirolariek larunbatean: “Guregana etortzen zen jendea, galderak egitera”, du gogoan Salillasek, “burua beste toki batean geneukan”. Era berean, elkarteak antolatutako egitaraua ere lagungarria egin zitzaien, erronka eramangarriagoa izateko bidean. Gainera, uneoro izan zituzten lagun, erreleboka Hernaniko Arraun Elkarteko zein Denontzateko kideak, baita boluntarioak ere. Inportantea iruditzen zaio Salillasi horrelako ekitaldietan konpainia eta “jasoa” sentitu zen 24 orduko jardunaren amaieran: “Oso polita izan zen. Normalean, bakarrik bukatzen ditut egiten ditudan erronkak, baina, oraingoan, ezberdina izan da”.
Behin desafioa bukatuta, zer egin? Nola hartu atseden? Suspertuta dago gorputza, eta kolpez gelditzea baino, “atseden aktiboa” egitea du nahiago Salillasek. Horregatik, igandean, etxeko sofan botata egoteaz gain, gimnasiora joateko tartea hartu zuen kirolariak, bizikletan ibiltzeko: “Niri, behintzat, ondo datorkit jarraitzea, beste intentsitate batekin, beste erritmo batean, mantsoago”. Erronka solidario bat egin bitartean bururatzen zaio hurrengo bat egiteko ideia. Joan den asteburukoa, esaterako, "Juneren hegoak" elkartearen aldeko ekimen batean otu zitzaion: zortzi ordu egin zituen igerian, beste zortzi bizikletan eta beste zortzi korrika. “Orain ere badaukat beste bat buruan”, dio Salillasek, “pentsatu dut, jada, norentzat egin, baina, oraindik, batarekin eta bestearekin hitz egin behar dut”. Elkartasun keinuak nekearen zama arindu dio asteburu honetan Salillasi. Oso eskertuta dago Aurrera Markelekin elkartearekin, “gehien gustatzen zaiona” egiten uzten diotelako: “Dirua izango banu, emango nieke, baina ez daukadanez, nire gauzarik preziatuena, bi hankak, eskaintzen dizkiet”.