Errigorako saskiak eskatzeko aukera, baita Urnietan ere

Alba Cabrera Jauregi 2025ko urr. 18a, 07:34

Berrikuntza batekin iritsi da Urnietara Errigora: orain, herrian bertan saskia jasotzeko aukera izango da.

Udazkenarekin batera iritsi da, ohiturak agindu bezala, Errigorako kanpaina, “Agerreko uzta euskarari puzka” lelopean: aurten, gainera, eskaria Urnietan bertan jasotzeko aukera izango dute herritarrek. Betiko legez, orotara, hiru saski izango dira aukeran eta urriaren 23tik azaroaren 13ra bitarte izango da tartea eskaera egiteko.

Nafarroako hegoaldea eta erdialdea oinarri hartuta, euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea du xede egitasmoak, tokiko ekoizleak sustatzearekin batera. Bada, auzolanari tiraka, bertako produktuez osatutako makina bat saski banatzen da urtero Euskal Herri osoan barrena, Errigorarekin. Gainera, eremu horretako euskalgintzari ekarpen-ekonomikoa egiten zaio udazkeneko kanpainan, saski bakoitzaren balioaren % 25 bideratzen baita euskararen aldeko proiektuetara.

  • Saski beltza (60 euro): olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, iIlarrak, patxaran eta mantekatuak.
  • Saski berdea (65 euro): piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltza erdi-ondua.
  • Saski gorria (75 euro): ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak eta patxarana.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!