[Postontzia]

Jaien osteko balorazioa

Urnietako Txosna Batzordea 2025eko urriaren 30a

Pasa diren Urnietako jaiak ez dira inoren gustukoak izan. Txozna Batzordea osatzen dugun eragileok ezin dugu bestelakorik esan.

Irailaren bukaeran herrian sortzen den giroa ez da urteko gainontzeko egunetan ikusten. Gozamenerako egunak dira, zeinetan txosnagunea ardatz bihurtzen den urnietar askorentzat. Dakizuen bezala, hainbatetan pairatutako oztopoen eta Udal Gobernuak inposatu nahi zuen ordenantzaren ondorioz, aurten ez dugu horrelako gunerik eduki. Adibide asko daude Udal Gobernuaren jarrera eta intentzioa argi erakutsi dutenak: txoznagunaren gaineko kontrola areagotzea herritarron antolakuntza propioa kontuan izan gabe. Egoera onartezin honen kontra hasi ginen borrokan eta bere horretan jarraitzen dugu.

Aipatutako borrokaren parte izan dira 2025eko Sanmieletan aurrera eramandako ekintza zein aldarrikapenak, beharrezkoa iruditzen zaigulako herritar guztiek erralitatearen berri izatea. Aldi berean, argi ikusi da Txozna Batzordeko eragileak ez garela zeresana daukagun bakarrak, herria haserre dago eta hainbat formatan islatu da haserre hori. Ikusi ditugun erantzun eta babes keinuengatik eskerrak adierazi nahi dizkizuegu. Batzuk sinestarazi nahi digutenaren kontra, honek ez gaitu banatzen, herritarrok elkarrekin gaude.

Honez gain, irmoki salatu nahi dugu Udal Gobernuak prozesu guzti honetan izan duen jarrera. Inongo momentutan autokritikarik egin ez eta Txozna Batzordeari txoznak ez egotearen ardura aurpegiratzeaz gain, jaietan antolatu diren ekimen guztietan polizia
–uniformeduna zein kalez jantzitakoa– egotea onartezina iruditzen zaigu. Beraien interesetara egokitutako diru publikoaren xahuketa lotsagarria dela uste dugu eta emandako kriminalizazio saiakerak guztiz arbuiatzen ditugu. Azken orduan ere, beraien gestio txarra ezkutatzeko asmoz, musika taldeekin egindako gastua edo manifestazio bukaeran, herriko plazan, gure irakurketa oztopatuz musika jarri izana salatzen ditugu. Ez dugu ulertzen Udal Gobernu batek bere herritarren jarduna etengabe oztopatzea, “elkarlana” eta “parte hartzea” bezelako hitzez ahoa betetzen duten bitartean.

Ez ditugu esku-hartzeak onartuko, herriak duen espazio bakar honek bere horretan jarraitu behar du. Herritik eta herriarentzat sorturiko txosnagune baten alde lanean jarraituko dugu. Garbi ikusi da guztion indarraren, antolakuntzaren eta elkartasunaren bitartez gauzak aldatzeko gai garela, askotan ezinezkotzat ditugunak ere. Aurtengo hutsune mingarriaren gainetik, urte luzez mantendutako espazio duin honek bere izaera aske eta anitza izaten jarraituko du. Bide horretan, ordenantza berriaren osaketan buru-belarri lanean izango gara hurrengo hilabeteetan, errespetuzko elkarlan bat helburu.

Gauzak horrela, Txozna Batzordearen hautua argia da: Esandako guztiagatik, herritik eta herriarentzat borrokan jarraitzea. Urnietar guztiei ere gurekin borrokan jarraitzeko deia luzatzen dizuegu.

Gora Urnieta!

Gora Txozna Batzordea!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!