Zubi artistikoa, iraganeko abangoardiatik etorkizunera

Alba Cabrera Jauregi 2025eko azaroaren 7a

“Ikimilikiliklik Vol.2” obraren aurrestreinaldia izango da Saroben azaroaren 12an, jatorrizko obra duela 50 urte oholtzaratu zela aitzakia hartuta. Urnietakoa taularatu eta bi egunera, Baluarten egingo dute estreinaldia.

Orain mende erdi lur hartu zuen oholtzan Laboaren, Zumetaren zein Artze anaien eskuetatik pasatako “Ikimilikiliklik” artefaktu abangoardistak, poesiaz, musikaz, eta margolanez hornituta. Bada, hari horri tiraka, jatorrizko lanean oinarrituta, 50 urte atzera salto egiteaz gain, etorkizunera begira jartzeko gonbita luzatuko du Loraldiak ekoitzi duen “Ikimilikiliklik Vol.2” ikuskizunak. Hala, lotura berezia du Sarobek proiektuarekin, sorkuntza-fabrika baten itxura hartu baitu azken boladan aretoak, obraren muntaiaren lekuko. Esku artean darabiltena aurkezteko asmoz, aurkezpena izan zen pasa den astearte goizean arte eszenikoen gunean, eta bertan egon zen egungo emanaldia ondu duen taldea: Euskal Herriko areto handietara jauzi egin aurretik, aurrestreinaldia egingo dute Saroben, azaroaren 12an.

Galdera batzuk erantzuteko premia asetzea du abiapuntu ikuskizunak, prentsaurrekoan Amaia Ocerin Loraldiaren komunikazio-arduradunak azaldu bezala: nola gogoratu daiteke mugarri hori 50 urte igarota? Nola jaso daiteke ondarea errepikapenean edo nostalgian erori gabe? Hori horrela, “argia” bezain “irmoa” da erantzuna, Ocerinen ustez, izan ere, “duela mende erdiko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren” arteko zubi artistikoa izatea du helburu obrak: “Zubi horrek ez ditu soilik bi garai lotzen, ausardia eta errespetua lotzen ditu, ondarea eta etorkizuna, isiltasuna eta ahotsa. Omenaldia baino, ikuskizuna elkarrizketa dela nabarmendu zuen Loraldiako kideak: “Jatorrizko sortzaileek izan zuten baimen bera eman diogu geure buruari garaikideak izateko”. Bada, zubia eraikitzeko prozesuan “arkitekto talde parebagea” sortu dutela azaldu zuen Ocerinek Saroben: zuzendaritza-lanetan aritu da Edurne Azkarate, Mikele Urroz lagun. Haren gidaritzapean igoko dira oholtza gainera, Intza Alkain aktorea, Iñaki Salvador musikaria, Harkaitz Martinez de San Vicente zein Itziar Navarro txalapartariak, Libe Kortazar abeslaria eta Itziar Garaluce artista bisuala. Argi-teknikan Vanesa Santos ariko da, soinuan, Mikel F. Krutzaga eta, jantzietan, Idoia Beratarbide.

Ikuspegi freskoa iraganeko hitzei

Orainaldiaren eta iraganaren arteko elkarrizketa konfrontatiboa sortzea “zaila” zela iritzita, ikuskizuna “kolaboraziozko elkarrizketa” dela azaldu zuen aurkezpenean Edurne Azkarate obraren zuzendariak: “Badaude gauza batzuk, igual, nahita eta espresuki, oso gordin ekarri ditugula garai hartatik hona, hain zuzen ere, pentsatzen genuelako balioa zeukala berriro ekartzea jada hain jende gutxik oroitzen duen duela 50 urteko ikuskizuna”. Hala, duela mende erdiko mugarri horrek utzitako edukian begirada pausatuta egin du lan Azkaratek taldearekin batera, material originala “bere horretan” mantentzen saiatuta, “ariketa izan delako zer kontatu dezakegun guk beraiek egin zuten horrekin, manipulatu gabe, ea nola ordenatu dezakegun berriro hori geure istorioa kontatzeko beraiek utzi ziguten material baliotsu horrekin”.

Ildo beretik, “izugarrizko plazera” izan da Intza Alkain aktorearentzat proiektuko kide izatea: “Uste dut horregatik bakarrik merezi duela etortzea, gu denok oholtzan ikusteko, benetan oso gozagarria izan baita elkarrekin lan egitea”. Interesgarria zaio, era berean, garai hartako materialak gaur egun duen oihartzuna ezagutzea: “Hitzok entzun behar dituzue. Bat-batean da horiek guk esatea, gaur egun hori guztiak berriro esanahia nola hartzen duen ikustea”.

Elkarlana, hirugarren aldiz

Mende laurden eman zuen gutxi gorabehera Iñaki Salvadorrek Mikel Laboaren mundu melodikoan murgilduta, izan kontzertuetan, izan grabazioetan. Hori dela eta, "oso handia" da proiektuan musikariak izan duen inplikazio emozionala: "Oso harreman estua eta polita, berezia izan nuen, bereziki, Jesus Artzerekin eta uf... Asko hunkitzen nau, oso aukera ederra da niretzat ikuskizunean, lan-talde honetan parte hartzea".

Hiru bider kolaboratu du Salvadorrek Loraldiarekin: 2016an izan zen lehen aldia, “Laboa jazz” emanaldiarekin; abeslariaren obrari buruzko ikuskizuna zen eta hari horri tiraka kaleratu zuen, 2023an, Donostiako piano-joleak “Txoria nuen maite” diskoa. Hala, bi urte beranduago iritsi zen “Imanol jazz”, Imanol Larzabal kantautorearen oroimenean. Bada, hirugarren elkarlana izango da “Ikimilikiliklik Vol.2” Salvadorrentzat: “Sorkuntza kolektiboa izaten ari da eta hori niretzat gauza berri bat da. Denon artean egindako lana, ikerketa izan da”.

Soinu-kolpe esperimentalak

“Inolako espektatibarik gabe” murgildu ziren Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro egitasmoan, “baina txalaparta jotzera gentozela uste genuen!”, aitortu zuten aurkezpenean. Erosotasunetik atera ditu Azkaratek bi txalapartariak, Navarrok aurkezpenean aitortu bezala, sorkuntzaren aberastasunaren mesedetan: “Beste gauza pila egin ditugu eta ikuskizuna horren emaitza da”. Harekin bat dator Martinez de San Vicente, kode berrietan sartzeak nolabaiteko hausnarketa eskatu baitie, bai maila pertsonalean, bai kolektiboan: “Denbora-galtzea dela ematen duen horrek, ondoren, izugarrizko fruituak ematen ditu, bat-batean espero ez duzun toki batzuetan”.

Jauzia, mundu analogikora

Ikus-entzuleek obran biziko duten esperientzia sentsorialaren arduraduna da Itziar Garaluce, haren irizpideen pean osatu baitu taldeak emanaldiaren iruditeria. Bada, maila teknikoan ere iraganeko edukiekin elkarrizketa ematen dela adierazi zuen artista bisualak aurkezpenean: “Oso esperientzia polita izan da tresna eta aparatu zaharrak berreskuratzea, ez, soilik, egin zutenari buruz dugun artxibo bisualetik, baita beren egiteko moduetatik ere”. Gainera “aspaldi erabili gabeko” lan egiteko formatu batzuekin berriro ere topo egitea izan da Galarucerentzat ikuskizuna prestatzea: “Betidanik interesatu izan zait analogikoa eta digitala nahastea, fusio hori, baina oraingoan mundu analogikora gehiago jotzeko aitzakia izan dut, eta espero ez nituen gauzak agertzen dira, gogoratzen ez nituenak”.

Obra ikusteko lehen aukera, Saroben

Gutxi batzuk baino ez zuten izan 70. hamarkadan “Ikimilikiliklik” emanaldia ikusteko aukera. Aitzitik, Euskal Herritik kanpo ere izan zuen zer esanik obrak, tartean, Veneziako Biurtekoan aurkeztu zuten-eta orduko artista ikonikoek. Hala, bide horri jarraipena eman nahi dio “Ikimilikiliklik Vol.2” lanak: azaroaren 12an egingo da aurrestreinaldia Saroben eta, bi egun beranduago, azaroaren 14an ofizialki lehenengoz oholtzaratuko da jendaurrean Iruñeko Baluarten, Iruñaldia jaialdiaren barruan. Obra nazioartekotzeko anbizioa ere badutela aitortu zuen lantaldeak aurkezpenean, beharbada, duela mende erdi ateratako argazkia errepikatzeko, 50 urteren aldean sorturiko zubi artistikoa baliatuta. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!