Nafarroako hegoaldea eta erdialdea oinarri hartuta, euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea du xede egitasmoak, tokiko ekoizleak sustatzearekin batera. Bada, auzolanari tiraka, bertako produktuez osatutako makina bat saski banatzen da urtero Euskal Herri osoan barrena, Errigorarekin. Gainera, eremu horretako euskalgintzari ekarpen-ekonomikoa egiten zaio udazkeneko kanpainan, saski bakoitzaren balioaren % 25 bideratzen baita euskararen aldeko proiektuetara.
- Saski beltza (60 euro): olioa, piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza, iIlarrak, patxaran eta mantekatuak.
- Saski berdea (65 euro): piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltza erdi-ondua.
- Saski gorria (75 euro): ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak eta patxarana.
Nola eskuratu saskia?
Urnietako Errigora-taldeak adierazi bezala, bi modu dituzte herritarrek saskiak eskuratzeko.
- Online: Saskiak Errigoraren web orrian eskatzeko aukera dago eta ordainketa momentuan bertan egiteko aukera dago, modu telematikoan. Bestela, saskia jasotzen den egunean egin beharko da, eskura.
- Eskuorria beteta: herriko hainbat tokitan, eskuorriak dituzte eskura eskaera egiteko: Gaztelo, Muazpi, Itxaso, Matxo, Osane, Biak eta Bikain. Horrela, eskuorria bete eta toki horietako batean utzi beharko dute urnietarrek. Ordainketa egiteko bi modu izango dituzte eskaera eskuz sartu dutenek: batetik, eskuorria betetzean, helbide elektronikoa jarriz gero, ordainketa modu digitalean egiteko aukera izango dute, mezu elektroniko batean jasoko duten estekaren bitartez. Bestela, saskia jasotzen duten egunean egin beharko dute ordainketa, eskura.
Noiz banatuko da saskia?
Saskiak behin kanpaina bukatuta banatuko dira, herriko talde-eragileak zehaztutako datetan. Bi egun izango dira aukeran, saskia jasotzeko.