“Lehiaketen dinamika uztea erabaki dut”

Xabier Lasa 2025eko azaroaren 8a

Gimnasioan gorputza lantzen hasi zenean, amestu ere egiten ez zuen mailara iritsi da kulturismoan. Goi mailara iritsita, amaitutzat eman dio ibilbideari Maddi Busto Niño urnietarrak.

Ospe handiko hainbat txapelketa irabazi ditu eta gozatu egin du lehiaketen mundu horretan murgilduta, baina bere ibilbidearekin kito egitea erabaki berri du. Egindakoaz eta orain uztearen zergatiaz mintzatu da Aiurrirekin.

2023an eta 2025ean eskuratu dituzu lorpenak. 2024an ez zaitugu lehiaketetan sumatu...

Egia da iaz ez nuela ezer egin lehiaketei begira, baina hori normala izan daiteke kulturismoan, denbora eman behar zaio gorputzari aldatzen joan dadin; emaitzak ez baitira egun batetik bestera etortzen. Era horretan, 2024an berdin-berdin jarraitu nuen prestaketekin eta aurrerapen fisikoekin, aurtengo denboraldiari begira aritu nintzen gehiago.

Igaro dira hiru hilabete Salamancan garaipen ikusgarria lortu zenuenetik. Nolanahi ere, kontatuko al diguzu nola bizitu zenuen?

2023ko Fitness Model Open kategoriatik Figure kategoriarako jauzia eman dut aurten, eta erronka handia izan da hori niretzat. Nire burua frogan jarri nahi nuen, eta Salamancako garaipenak erakutsi dit egokia izan zela erabakia.   

Maddi Busto, Salamancan joan den uztailean ospatu zen lehiaketan (Argazkia: Angel Molinero, culturismoweb.com)

Pozik amaitu nuen lehiaketa, ikusita lortutako emaitza ez zela nolanahikoa, eta merezi izan zuela aurrez egindako sakrifizio pertsonal handiak. Baina etxera etorri eta hausnartu ondoren, erabaki irmoa hartu nuen, bukatutzat eman nuen lehiaketetako ibilbidea Salamancako parte-hartzearekin.

Txapelketen bidea uztea erabakitzeko arrazoietan sakonduko al zeniguke?

Joan den maiatzean Valentzian izan zen lehiaketan jada sentitu nuen nekea, baina han lortutako emaitza eta ingurukoek eman zizkidaten animoak zirela eta, Salamancako uztaileko lehiaketari heltzea erabaki nuen. Horren prestakuntzan murgilduta nenbilela, nekea sentitu nuen berriro, handitzen joan zena lehiaketa iritsi ahala. Ez nintzen oso motibatuta ikusten, baina diziplinatua naizenez, gogor egin nion neure buruari, lehiaketaren kapitulua lehenbailehen pasatzeko gogoz. Carlos Medina prestatzaileak ere beti eduki du konfiantza nire gaitasunekin, eta lagungarria gertatu zitzaidan motibatzeko orduan.    

Irabazi egin nuen azkenean, eta pozik! Nolanahi ere, poztasun horrek ez zuen zerikusia handirik 2023an sentitu nuenarekin. Orduko hartan pozak gainerako guztia ezkutatu zidan, asebetegarriagoa suertatu zitzaidan. Oraingoan, ordea, pozarekin batera hor jarraitu zuen nigan neke psikologikoaren sentsazioak. Hortik heldu da uzteko erabakia.

Azken batean, maila pertsonalean (fisikoki, psikologikoki, emozionalki, ekonomikoki...), izugarrizko sakrifizioa eskatzen duen kirola da, eta bizitzako gauza asko bazter batean uztea eskatzen dizu. Errealitate horrek pisu handia eduki du azken erabakian. 

Honaino heldurik, eskerrak ematen dizkiet urte luzez ondoan izan eta animoak etengabe eman dizkidaten familia, bikotekide, lagun eta prestatzaileei.

 

Lehiaketa mailako kulturismoak eman dizuna eta kendu dizuna hausnartzeko denbora eduki al duzu?

Bai, noski. Kirola egiteak edonori eragiten dion ongizate pertsonala hor dago, eta nire kasuan, kirola muturreraino eramateak oihartzun handiko garaipenak ekarri dizkit; oso maila altura iritsi naiz, eta harro nago horregatik. Erronka pertsonalei aurre egiteko daukadan ahalmena neurtzeko ere balio izan dit lehiaketen dinamikan sartzeak. Bestalde, kendu dizkidan gauzen artean, diziplinak eta dieta zorrotz eraman beharrak exijitu didaten sakrifizio pertsonala aipatuko nuke, ahaztu gabe jarduera garestia dela. Hainbat urtez bizimodu hori eramateko gauza izan naiz, diziplinatua eta burugogorra naizelako, baina honaino iritsi naiz.

Lehiaketak uzteak kulturismoa uztea al dakar zure kasuan?

Egia esanda, gimnasiora joatea kostatzen ari zait oraintxe. Dena den, gimnasioko zale izaten segitzen dut, kirola gogoko dudanez eta komeni zaidanez. Beharbada beste kirolei ekingo diet etorkizunean, denborak esango du.

Bizitza erabat aldatu zaizu, hortaz.

Bai, noski. Dieta zorrotzen, prestakuntza fisikoari begirako diziplinaren eta lehiaketen presiopean bizi izan naiz azken urtetan, eta hori dena ahazteak, bizitza aldatzea ekarri dit, jakina. Askotan gertatu izan zait, esate batera, lagunekin kalera ateratzeko eta pintxoak-edo jateko aukera eduki, eta etxean geratzeko erabaki behar izatea, dieta hausteko tentaldian eror naitekeela pentsatuta.

Bizitzan, ez daukazun hori desio duzu maiz, eta une honetan, azken urteetan albo batera utzitako gauzak berreskuratzen ari naiz. Egun, malgutasunarekin daramat elikadura, eta gozatzen ari naiz. Ez daukat inongo erreparorik, esate batera, gosaltzera, bazkaltzera edo afaltzera kanpora joateko! Bikotekideak ere poz ederra hartu du, esanez aspaldi zegoela zain nik noiz edukiko askatasun hori! Lagunek ere, txantxetan aipatzen didate gastronomian aditua bilakatzen ari naizela orain!

Une honetara iritsita ondo dago gogoraztea, naturala aldarrikatzen duen lehiaketetan parte hartu izan duzula.

Kulturismoaren munduan existitzen dira farmakoen erabilera, dopajeak... Ukaezina da hori. Errealitate horri aurre egiteko eta gorputza lantzeko dietak eta gimnasioko praktika naturala sustatzeko kulturisten elkarteak sortu dira, eta horiek antolatzen dituzten lehiaketetan parte hartu izan dut beti. Kirola osasunarekin lotzen baitut, ez beste inola.

Gazteei gomendatuko al zenieke kulturismoan eta txapelketetan murgiltzea?

Nire azken garaipenen harira, zenbait gazte hurbildu izan zait zoriontzera; horietako batzuk lehiaketetan murgiltzeko gogoa daukatela aitortu didate, eta aholkua eskatu. Nik animatu egin ditut, gorputza eta burua zaintzen duen kirola den heinean, baina ez diet ezkutatu berarekin dauzkan kontrakotasunak ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!