"Ai, gure juaneteak" obra taularatuko du Tartean teatroa konpainiak

Aiurri 2025eko azaroaren 19a

Sarobe arte eszenikoen guneko oholtzan izango da Tartean teatroa konpainia, "Ai, gure juaneteak" obrarekin. Abenduaren 2an izango da kultur-hitzordua, arratsaldeko 19:00etan.

Lengoaia berriak oinarri, "hitz esana" (spoken words) izango du ikuskizunak oinarrian. Autoreen esaneran, "prosa eta poetikaren erdibidean. Antzezlan eta musika saioaren erdibidean" kokatzen da formatu berritzailea, "prosatik gertutasuna hartzen du, eta soiltasuna; poetikatik errima anarkikoa, metrikaren morrontzarik gabea". 

Sarrerei dagokionez, eskuragarri daude, jada, 7 eurotan.

Sinopsia

Gaztetan uste nuen Laboak giganteentzat kantatzen zuela, titanentzat, kolosoentzat. Gizonen hartu emanak hobetzeko eta zama aroa laburtzeko gai ziren giganteak. Lehen gorputzarena bezala orain gogoaren zilbor hestea eteteko gai ziren titanak. Azken orduan arnasa galdu beharrarekin larritzen ez ziren kolosoak.

Laboaren kantak ikasi nituen garaian, nik gigantea nintzela uste nuen, titana, kolosoa.

Orain norabiderik gabe doan gizabere galdu bat besterik ez naizela dakit. Lehen baño txikiagoa. Lehen baino jakintsuagoa. Horregatik dakit Laboak, heroientzat ez, ni bezalako gizabere galduentzat kantatu zuela, lantzean behin giganteak, titanak, kolosoak direla amesten duten gizabere galduentzat, lantzean behin giganteak, titanak, kolosoak izan nahiko luketen gizabere galduentzat.

Laboaren kantak esango ditut nik, orain sentitzen ditudan moduan.

Barka nazatela hilda daudenek.

Gaztiga nazatela bizi direnek.

Patxo Telleria. Esaniko hitzak

Fitxa artistikoa

    • Egilea: Patxo Telleria
    • Zuzendari eszenikoa: Jokin Oregi
    • Zuzendari musikala: Adrian Garcia de los Ojos
    • Aktorea: Patxo Telleria
    • Musikariak: Adrian Garcia de los Ojos / Iñaki Maruri eta Maider Lopez
    • Argi diseinua: David Rodriguez
    • Soinu teknikaria: Borja Arbaiza
    • Eszenografia: Pedro Rojo (El Cajón)
    • Ekoizle exekutiboak: Myriam Garzia eta Pio Ortiz de Pinedo
    • Kanpoko begirada: Mikel Martinez

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!