“Herritarrei esker bete ditut hamar urte hemen”

Alba Cabrera Jauregi 2025eko azaroaren 21a

Orain hamar urte, hain justu ere, lur hartu zuen Maialen Estarloa Goya hernaniarrak, Osane belar-dendan. Harrezkero, ateak zabal zabalik izan ditu, herritarrei begira. Azaroan, kandelei putz egitea tokatzen zaio, hamarkada oso bat bete baitu Urnietako belar-dendan.

Hamar urte bete berri dituzu Osanen eta aurretik hiru urteko ibilbidea zeukan, jada, belar-dendak… Azkar esaten da!

Oso oso pozik, baita oso eskertua ere. Bezeroengatik izango ez balitz, ez nintzateke hemen egongo. 24 urterekin hartu nuen denda, eta oso harro nago neure buruaz, erronkari erantzuteagatik.

Atzera begirako ariketan jartzen gaituzte urteurrenek. Nola iritsi zinen zu belar-dendara?

Nutrizionista naiz eta ez zen nire asmoa belar-denda batean amaitzea. Hasieran, beste profesional batzuekin batera, diziplina anitzeko zentro batean ikusten nuen neure burua gehiago. Egia esan, aukera suertatu zen eta aurrera egin nuen. Oso pozik nago, oso gustura. Gainera, herri txikia da Urnieta, eta gertukoak dira bezeroak, nolabait, eguneroko harremana dut beraiekin, gehienok ezagutzen baitugu elkar.

Hamar urteren ondoren, hernaniarra dena ere urnietar bihurtzen al da?

Hemen (Osanen belar-dendan) pasatzen dudan ordu-kopurua kontuan hartuko bagenu, bai! (Barreak). Orduan, bai, erdi urnietarra naizela esan daiteke..! Kasik Hernanin lo egin eta Urnietan egiten dut bizitza!

Denboraren joanarekin herritarrentzako erreferentziazko denda bihurtu dela esango al zenuke?

Ez dakit hala den, baina horrela izatea nahiko nuke, egia esan! Bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, osasunari garrantzia ematen dioten herritarrak datoz gehienbat hona. Joera horrek, gainera, gorakada izan du orokorrean azken boladan. Whatsapp bidez ere egiten dugu lan eta horrek jende gaztea erakarri du: asko eskertzen dute eskariak mezu bidez egitea, erosoagoa delakoan. Bide hori zabaltzeak gazteagoak diren herritarrengana gerturatzeko aukera eman dit.

Urtaroaren arabera, asko aldatzen al dira bezeroen premiak?

Beti dago zerbait, gauza bat ez bada, bestea. Izan azala indartzeko produktuak, izan eguzki-kremak, baiju-jantzi menstrualak... Baina, bai, beharrak aldatzen dira urtaroaren arabera. Esaterako, gripeen zein katarroen prebentibo bila etorri ohi da jendea sasoi honetan. Azalean ospelak ere ateratzen zaizkio orain jendeari. Bada, udazken aldera datoz herritarrak horrelako gauzen aurrean neurriak hartzera, ekiditeko. Udaberriari begira, alergiak izaten dira gehiago, gibela garbitzeari begirako produktuak.

Negua ate-joka den honetan, gomendiorik bai?

Oso garrantzitsua da D3 bitamina hartzea neguak irauten duen bitartean. Eguzki bidez sintezizatzen dugun bitamina da eta eguzki-izpi gabeziagatik horren falta handia egoten da neguan. Horrek lotura du gure gogo-aldartearekin, defentsen jaitsierarekin; horrez gain, D bitaminaren beharra izaten dute hezurrek kaltzioa hartzeko.

Produktuaz saltzeaz harago doa zure eguneroko jarduna. Denbora hartzen duzu bezeroekin, dituzten zalantzak argitzeko eta beren beharretara egokitzeko.

Ahalegintzen gara, bai. Denda txikietan, gertutasuna eta konfiantza ematen dizkiegu herritarrei, izan ere, pixkanaka, gure bezeroak ezagutzen ditugu, baita beren premiak ere, horiei aurre egiteko neurri egokiak gomendatu ahal izateko.

Osasunari loturiko zerbitzuak ere badituzue.

Jakiez gain, kosmetika ere badaukagu, etxeko garbiketarako produktuak, banbuzko arropa, lanparak, kandelak... Zerbitzuak ere eskaintzen ditugu: nutrizionista, masajista, intolerantzien testa egiten duen naturopata eta iridiologoa, makrobiotika kontsulta, terapia energetikoak, terapia psikoemozionala bach loreez lagunduta...

Sopresa berezia daukazu hamar urteko bidean lagun izan dituzun herritarrentzat.

Bi sorpresa egingo ditugu, hamargarren urteurrenaren harira: batetik, 30 euroko erosketa egitean, dendako produktuez osaturiko saski baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Sare sozialetan ere beste zozketa bat egingo dut; bertan, 80 euroko balioa duen bonoa izango da saria.

Herritarrei esker bete ditut hamar urte hemen eta oso eskertuta nago bezeroekin. Beste hainbeste urte izan daitezela, eta gehiago ere bai!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!