Udazkenean murgilduta, Gabonetako jaien aurretik, herriko aisialdian eragiteko egitaraua antolatu du Poxta Zahar gazte kuadrillen elkarteak: larunbat honetan, Kuadrilla Eguna izango da Urnietan. Goizetik hasi eta gaueko ordu txikietara bitarte askotariko hitzorduak izango dira herrian.
Goizeko 10:30ean egingo dute bilkura, San Juan plazan, kuadrillen arteko “despiyua”-n parte hartzeko. Lehiak alde batera utzita, trikipoteoa izango da eguerdiko 12:00etan, herriko musikarien laguntzaz.
Bazkaria, Plazido Muxika plazan
Ondoren, eguerdiko 14:30ean Plazido Muxika plazan herri bazkarian tripa bapo betetzeko aukera izango dute herritarrek. Arratsaldeko 17:30ean, berriz, Bad Sound System taldearen DJ Set-a izango da, Plazido Muxika plazan bertan eta horrek bide emango die iluntzeko hitzorduei: 20:00etan Irungo Poteo Txarangarekin itzulia emango diote herriari, Plazido Muxika plazatik hasita eta, gauean, Egape Ikastolan, herriko disko-jartzaile batek itxiko du egun osoko egitaraua, La Karlos Salbatrutxak.
