Idiazabal kalea itxita egongo da hainbat egunez, bulebarizazio lanengatik

Aiurri 2025eko azaroaren 25a

Gaurtik hasita, itxita egongo da, zenbait egunez, Idiazabal kalea, Urnietako Udalak, ohar bidez jakinarazi duenez. Izan ere, azken txanpan da bulebarizazio-proiektua eta, ondorioz, asfaltatze- eta fresatze-lanei ekingo diete gaur. Udalak iragari duenez, Idiazabal-San Juan biribilgunearen (Elkarteen Etxea) eta Idiazabal eta San Juan arteko bidegurutzearen (plazaren igoera) arteko tarteari eragingo dio mozketak.

Neurri gisa, aldaketa batzuk izango dira trafikoan, obrek irauten duten bitartean: batetik, Idiazabal-San Juan bidegurutzera iristen diren ibilgailuek nahitaez jo beharko dute San Juan kaletik Etxeberrirantz. Izan ere, ezin izango da Idiazabaletik aurrera jarraitu, ezta Lizardi kalerantz igo ere. Bestetik, Maximo Yurramendi kaletik edota Aranzubi kaletik jaisten diren autoek derrigorrean irten beharko dute Andoainerako noranzkoan, debekatuta egongo baita Belandi kalera edo Idiazabal kalera Hernanirantz sartzea. Azkenik, Lizardi kalearen noranzkoa aldatu egingo da, eta Akan edo Pintore kaletik datozen ibilgailuek Lizardi kaletik Zabaletarantz egin ahal izango dute aurrera.

Autobus-zerbitzua

Udalak jakinarazi du Idiazabal kalea moztuta dagoen bitartean bi autobus-geltoki baino ez direla egongo herrian: Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean eta Ermotegi-Langardako biribilgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!