ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harremaninguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.
Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Horregatik, Urnietako Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
- Sare lokalak indartzea: topaguneak, jarduerak eta elkarteen bizitasuna zaintzea; herritarren, eta, bereziki, emakume eta neska zaurgarrien saretzea sustatzeko.
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, komunitatera lotzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan sareak sustatzea, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko.
- Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Urnietako talde feministari eta emakume taldeei laguntzea eta haiekin koordinatzea, haien borroketan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei babesa emateko.
Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Urnietako Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu Urnietan zein inguruko herrietan antolatuko diren ekitaldi eta jardueretan parte hartzera. Ekimen hauek aukera ematen digute indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa eta aktiboa erakusteko eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztien gaitzespena adierazteko.
Era berean, Asier Niebla urnietarra gogora ekarri nahi dugu, indarkeria matxistaren biktima izan zen herritarra. Gizon batek emakume bati min egiteko erabili zuen indarkeriaren ondorioz hil zen Asier. Besarkada handi bat familiarentzat.