Bi aste pasatxo igaro dira, jada, Behobia-Donostian parte hartu zenuenetik. Biribil joan zen eguna eta balio emozional handiko kirol-hitzordua izan zen zuretzat.
Nire anaiaren omenez egin dut aurtengo Behobia-Donostia. Josek askotan egindako lasterketa da eta oso gustuko zuen. Beti erosten zuen dortsala eta ahal zuen guztietan hartu zuen parte. Azkenekoan ezin izan zen atera, gaixo baitzegoen, jada. Minbiziarekin hil zen, oso azkar, eta lur jota utzi ninduen horrek. Orduan, galerak sortutako mina kirolaren bitartez kanalizatzea erabaki nuen. Ikastaro pila batean eman nuen izena kiroldegian: gimnasia, spinning, body pump... Egitura eman zidan horrek. Betidanik egin izan dut kirola, baina beste zentzu bat eman nion orduan, tristura kanalizatzeko modua izan zelako. Ziklo bat ixtea bezala izan da niretzat Behobia-Donostia amaitzea.
Ez dut sekula korri egin. Horregatik da harrigarria. Lehen aldia da Behobia egiten dudana. Oso zaila da dortsala eskuratzea eta Kemen taldearekin lortu dut, izan ere, % 35 eko ikusmen urritasuna daukat, nahiko gutxi ikusten dut. Bada, beraiekin jarri nintzen harremanetan eta errazagoa izan da kudeaketa: nire kasuan, B2 maila egokitu zitzaidan. Klubean badaude ikusmen oso urria duten pertsonak edo itsuak direnak, eta horiek gidarekin atera ohi dira. Nire kasuan, ez dut laguntzarik behar.
Nondik hasi horrelako lasterketa bat prestatzen?
Neure kontura egin ditut lasterketari begirako entrenamenduak. Uda-sasoian hasi nuen prestaketa. Beti egin izan dut kirola, baina ez naiz sekula korrika ibili. Oporretan nengoenean, egunero hamar kilometro egiten nituen korri goizean goiz eta asko sufritzen nuen. "Ezin izango dut inondik inora egin", esaten nion neure buruari. Lasterketaren egunean ere ez nintzen ziurtasunez joan. Egia da aurreko asteetan 19km egin nituela korri, aldapak entrenatu nituela... Baina ez nuenez sekula ibilbide hori egin, zalantzati nintzen eta, gainera, 55 urte ditut. Nire anaiak lagunduko ninduela pentsatu nuen eta egun izugarria izan zen, oso pozik eta hunkituta nengoen.
Indar bereziarekin hasi zenuen lasterketa, Joseina Etxeberriak kuttuneko kantu bat ipini zizun eta.
Bai, hori da! Nire senarrak lasterketaren errealizazioan egiten du lan. Orduan, Joseinari esan zion Coldplay taldearen "We pray" abestia jartzeko. Izugarri gustatzen zait kantu hori. Flan baten pareko nengoen irteeran eta abiatu orduko, kanta entzutean, "hau Patxiren kontua izan da", pentsatu nuen. Gainera, nahiz eta gerora nork bere erritmora egin korri, elkarrekin izan ginen hasieran Kemen taldeko guztiak, klubaren elkastikoa soinean. Lehenago ere beraiekin prestatu nituen Hiru Hondartzetako Krossa eta 15K. Oso giro polita izan genuen, babestua sentitu nintzen.
Marka ederra egin zenuen, 01:50:05 denborarekin, lehen postua lortu baitzenuen, B2 ikusmen urritasuna duten lasterkarien kategorian.
Bai, egia esan oso pozik horrekin! Hala ere, anekdota horretatik harago, lasterketa ondo amaitzea zen nire erronka. Ez nuen ezer estutu; aitzitik, lasai eta indarrez egin nuen korri, gozatzea baitzen helburua. Oso ondo joan nintzen ibilbide osoan eta amaiera oso polita izan zen. Oreretan gaixotasuna gertutik bizi izan zuen nire anaiaren lagun min bat ikusi nuen eta, helmugara iritsi baino lehen, nire koinata besarkatzeko aukera eduki nuen, Kursaalean… Hunkituta nengoen, baina amaierako esprint-arentzat ere indarrak gorde nituen. Aje emozional itzela utzi dit egunak gerora! Dena dela, helmugara iristean ez nekien lehen postua lortu nuenik nire kategorian, arratsaldean esan zidaten. Izugarrizko esperientzia da, gutxienez, behin Behobia-Donostia lasterketan parte hartzea: batzuei urrun dagoen erronka dela irudituko zaie, baina prestatuta eta helburuak argi izanda, lor daiteke. Mundu guztiari luzatzen diot lasterketa prestatzeko deia! Bide batez, emakumeak ere animatu nahi ditut kirola egitera, ongizate fisikoa eta mentala zaintzeko gakoa da eta, zahartzaro oparoa izateko bidean.
Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak darabilen sailkapena da B2 kategoria, eta ikusmen urritasuna duten pertsonei egiten die erreferentzia. Nola eragiten dizu egunerokoan? Eta lasterketan?
% 35eko ikusmen urritasuna daukat. Lasterketari begira, ez nuen aparteko arazorik izan. Egia da jende asko ginela eta oso adi joan behar ginen. Errepide bazterretik korri egiten ahalegindu nintzen, kontrol handiagoa izateko. Bestela, egunerokoan, gehiago baldintzatzen nau. Adibidez, gauak, iluntasunak ez du laguntzen. Lanean, pantaila handi bat daukat, padelean ez dut pilota ikusten... Mugatuta nago, baina egokitu egiten naiz.
Garrantzitsua al da zuretzat horrelako lasterketetan bai espazioaren kudeaketa eta bai entzumen-estimuluak entrenatzea?
Zentzu horretan, moldatzen naiz, bai. Nire kasuan, bideari arreta jartzea da gehiago, nondik noan ikusteko.
Kemen kirol-klubaren elastikoa jantzita hartu zenuen parte lasterketan.
Behobia-Donostia lasterketaren harira ezagutu nuen nik kluba. Harrera beroa jaso dut beren partetik, mundu guztiari irekita dagoen taldea da eta desgaitasuna duten pertsonak biltzen ditu. Berria naiz honetan eta talde egonkor batean sartzea lagungarria egin zait.
Behobia-Donostia lasterketa, Donostiako Maratoi eguneko 10 kilometroko lasterketa… Behin martxa hartuta, zein asmo edo erronka dituzu etorkizunari begira?
Gozatu dut orain artekoa eta Behobia-Donostiak harrapatzen zaituela diote: antolaketa, animoak... Lasterketa ederra da, baina ez dakit korri egiten jarraituko ote dudan. Denborak esango du hori!