Ateak zabalik, tamaina handiko hondakinak tratatzeko instalazioa ezagutzeko

Aiurri 2025eko azaroaren 27a

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat eginda, ate irekien jardunaldiak egiten ari dira Emaus gizarte fundazioa zein Koopera Ingurumen Zerbitzuak kooperatibak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailaren laguntzaz, hondakinak tratatzeko darabilten Urnietako instalazioan. 

Tamaina handiko hondakinak zein tresna elektriko eta elektronikoetan espezializatuta dago Urnietako gunea eta helburu hirukoitza bete nahi dute azaroaren 24an hasi eta bihar bitarte iraungo duen ate-irekien jardunaldiekin: batetik, mota horretako hondakinak nola kudeatzen diren ezagutarazi nahi dute; bestetik, berrerabilpena sustatzea dute xede eta, azkenik, jarduera horren gainean sortu diren gizarteratze- nahiz laneratze-arloko enplegu-aukerak ikusaraztea da asmoa. Hori horrela, ekitaldi instituzionala egin zuten atzo eguerdian eta lurraldeko, eskualdeko nahiz herriko ordezkari politikoen bisita jaso zuten, bestek beste, bertan izan ziren: Aldundiatik, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Monica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendaria, bai eta Urnietako Jorge Segurado alkatea ere. Hari horri tiraka, Magale-Salestarrak ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleen bisita jasoko dute bihar, “kontsumo arduratsuaz eta ingurumen-konpromisoaz” hausnartzeko.

Ekonomia zirkularra ardatz

Joan den urtearen hasieratik, batera kudeatzen dituzte beren jarduerarekin lotutako hondakinak Emausek eta Kooperak, Urnietan zein Oreretan. Aipaturiko lehen instalazioan kudeatzen dute bi eragileek tamaina handiko hondakinen fluxua: haien esanetan, etxez etxeko bilketaren eredua erabiliz, % 60tik gorako berrerabilpen-tasa lortu dute, bide publikoan biltzen dena baino ehuneko “askoz handiagoa” dela gogora ekarrita: “Horren arrazoia da etxez etxe bilduta objektuak egoera hobean iristen direla, bestela baino gutxiago hondatzen direlako. Gero berrerabiliak izateko konpondu eta prestatzeko askoz aukera handiagoa dute horrela”. Bide horretan, instalazioaren jarduna ekonomia zirkularrari begira aurreranzko pausoa delakoan dira, hondakinak berrerabiltzearekin lotuta gizarteratzeko eta laneratzeko enplegua sortzeko potentziala handitzearekin batera: adierazi dutenez, izaera horretako zazpi enplegu sortu dira, horietako lau biltzearekin lotuta, eta beste hirurak hondakinak berrerabiliak izateko tratatu, konpondu eta prestatzearekin harremanduta. Hala, Urnietako instalazioan urtean 280 tona baino gehiago kudeatzen dira, eta % 40ko berrerabilpen-tasa lortzen dute tresna elektriko txikietan, eta % 10ekoa, handietan.

Ehungintza, Oreretan

Era berean, ehungintzako materiala sailkatzen eta baliarazten espezializatua da Oreretako instalazioa eta  lurraldeko berrerabilpen-estrategian “funtsezko zeregina” betetzen duela uste dute Emausek eta Kooperak: “Kontsumo osteko 2.000 tona ehun kudeatzeko ahalmena du urtean, eta berreskuratutako frakzio osoa berrerabiltzera edo birziklatzera bideratzea bermatzen du; zabortegira ez da ezer iristen”. Horrela, instalazio horretako hamabi lanpostuetatik zortzi gizarteratzeko eta laneratzeko enpleguak dira, eta bi erakundeek jakinarazi dutenez,  “Gipuzkoan kudeatzen dituzten moda jasangarriko hamar dendetan banatzen da berrerabilgarria batez ere”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!