"El Pradalismo" liburuaren aurkezpena egingo du Ahoztar Zelaietak, Jardun Koordinadoraren eskutik

Aiurri 2025eko abenduaren 1a

Iturria: Euskalerria irratia.

Jardun Koordinadoraren gonbidapenez, "El Pradalismo: el ocaso de los JoBuBi" liburuaren aurkezpena egingo du Ahoztar Zelaietak Urnietan, abenduaren 10ean, Lekaio kultur etxean. Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua eta, egilea lagun, liburuaren nondik norakoez hausnartzeko parada egongo da bertan. 

Kazetaria eta kriminologoa da Zelaieta eta askotariko hedabidetan egin izan du lan, besteak beste, Egin egunkarian eta Ardi Beltza aldizkarian lan egin zuen, Baltasar Garzon epaileak itxitako komunikabideetan, hain justu ere. Irratiko saioetan eta dokumentaletan ere parte hartu izan du, baita aldizkarietan kolaboratu ere, tartean, Hordago–El Salto-n, Argian, Hala Bedi zein Arraio Irratian. 2013an, Txalapartarekin batera, "Jovenes Burukides Bizkainos (JoBuBis)" argitaratu zuen. Bada, 2019. urtetik aurrera, ere makina bat lan aurkeztu ditu argitaletxe berberarekin: "El narco oasis vasco", "Zaldibar zona cero", "Residencias SA", "Diagnóstico Tolosaldea", "La Ertzaintza que viene". Bere azken lana du "El Pradalismo: el ocaso de los JoBuBi".

Sinopsia

2024ko ekaina. Iñigo Urkulluren hamar urte pasatxoren agintaldiaren ondoren, askorentzat ezezaguna den aurpegi batek hartu du Eusko Jaurlaritzaren gidaritza: Imanol Pradalesek belaunaldien arteko erreleboa egin du, EAJren aparatua astinduz. Harekin batera, funtsezkoak dira euskal "cayetano" delakoen zein soziologoen klana, egungo erakunde-egitura eta alderdi jeltzalearen barruko botere-banaketa konfiguratzeko. Bere maila-igoera Bizkaiko Burkide Gazteen (JoBuBi) gainbeherarekin batera gertatu da.

Birkonfiurazio horren bideak, aliantzak eta barne-tentsioak berreraikitzen ditu liburuak. Bizkaiko diputatu izan zenetik EAJko buruzagi instituzional bilakatu arte, alderdiaren higadura elektoralak, burukide batzuekin lotutako ustelkeria-auzien agerpenak eta bezero-sareak gidatzen dituzten jeltzale familien arteko tentsioek markatutako eraldaketa baten erdigunean ageri da Pradales.

EAJko  taldeen arteko botere-kuoten banaketa eta horrek erakundeentzat eta euskal gizartearentzat dituen ondorioak ulertzen saiatzeko gida da liburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!