Amaitu da "Errigoraren Euskarari Puzka" kanpainaren XII. edizioa. 20 egun inguru iraun zituen kanpainan Euskal Herri mailako auzolan nazionala antolatu zuen ekimen herritarrak, zer eta beste urte batez Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzak (gaur gaurkoz ere) beharrezkoa duen babes ekonomikoa biltzeko. “Ezinbestekoak euskararentzat Agerrean” lemapean, Errigorak Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzako eragileen lanari aitortza eta garrantzia eman nahi izan dio, hau da, AEK, Sotzen, Ikastolak eta Agerraldiak eragileek egiten duten lanari. Hango eta hemengo eskariak ongi bildu eta zenbakiak txukundu ostean, esan dezakegu, aurtengoa ere oso kanpaina emankorra izan dela. Izan ere, 16.400 saski eskatu dira guztira. Horietako bakoitzaren balioaren laurdena ekarpen ekonomikoa dela kontuan hartuz, 256.500 euro bideratuko dira Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza laguntzera, iaz baino 18.000 euro gehiago.
Errigoraren kanpainarik arrakastatsuenetariko baten aurrean gaudela esan dezakegu beraz, eta gainera, urtetik urtera harrera eta emaitza hobeak uzten dizkiguna. Elkartasun kanpaina bat hainbeste urtez bizirik mantentzeak lan handia eskatzen du; eta hortaz, aipamen berezia egin nahiko genioke urtez urte bere lekutik tinko lanean jarraitzen duen Errigorako kide orori. Kanpaina honen bihotza auzolana da. Iragan ditugun egunetan horrek itzulpen nabaria izan du: Ablitaseko auzolan erraldoia, herriz herriko ekimenak, San Fermin ikastolako auzolana, ekoizleen arteko auzolana, banaketan laguntzeko bildu diren bolondresak…
Estreinakoz, Urnietan
Aurten, berrikuntza batekin iritsi da ekimena eskualdera, Andoainen ez ezik, Urnietan ere eskaria herrian bertan jasotzeko aukera izango baitute herritarrek. Kanpainan 46 saski eskatu dira Urnietan: 8 saski beltz, 30 saski berde eta 8 saski gorri.