Euskara hizkuntza nagusitzat duten lur-eremu geografikoei deitzen die arnasgune Gari Goikoetxea kazetariak zein euskara-teknikariak. Bada, toki horiek bizi duten egoera soziolinguistikoan murgiltzeko aukera izan zuten urnietarrek, joan den ostiralean, Xoxokako auzo-elkarteak Eskola Zaharraren 100. urteurrenaren harira antolaturiko egitarauarekin. “Ehun urteko arnasa” lelopean, bi eguneko hitzordu-sorta antolatu zuten pasa den asteburuan Goiburu auzoan bertan: Joxe Garmendia ikertzailearen hitzaldiak ireki zuen omenaldia ostiralean, landa-eremuko eskolei buruzko hitzaldiarekin. Ondoren, Goikoetxeak hartu zion lekukoa, euskarak dituen arnasguneei gertuko erradiografia egiteko, argitaratu berri duen "Esnatu ala hil" liburua oinarri.
Euskara behetik gora sendotasunez hauspotzen duten udalerri, auzo, eskualde edota bestelako izaera geografikoa duten eremuak dira arnasguneak. Hala, Goikoetxeak bost multzotan banatzen du euskararen presentzia ehuneko eskala duen termometroan: sailkapen horretan, bigarren multzoan, % 20 eta % 40ko artean kokatuko litzateke Urnieta, erabatekoa izan gabe, erdarak presentzia handia duen eremuen taldean, hain justu ere. Behin % 60ko muga pasata, arnasgune izaera hartzen dute tokiek; % 80ra bitarteko tartean, “arnasgune erasan” gisa dira ezagunak, besteak beste, Tolosa inguruko herri txiki asko. Aldiz, “arnasgune beteak” dira, Goikoetxeak azaldu bezala, euskara “sendoen” dauden eremuak: “Gipuzkoan, 1.000 biztanletik gora izaera horretako bi herri daude soilik, Ataun eta Berastegi. Beste guztiak 1.000 biztanletik beherakoak dira”.
Arnasguneei buruz jardutean, begirada erabileratik harago bota behar dela uste du Goikoetxeak, eta arnasgune bat arnasgune izatea ahalbidetzen duen ekosistemari erreparatu behar zaiolakoan da. Hala, adituaren aburuz, gaitasunak, transmisioak eta belaunaldiartekotasunak badute zeresanik horretan. Lehen Òabardurari dagokionez, “euskaraz eroso bizi diren, euskal hiztun onak diren eta erdaraz baino aiseago, errazago egiten duten hiztunak” dituzte arnasguneek, teknikariak hitzaldian azaldu zuenaren arabera. Transmisioan ere rol inportantea jokatzen dute, Goikoetxearen iritziz arnasguneek, bertako biztanleentzat “gauza naturala” da ondorengoei euskara transmititzea eta “hori ez da Euskal Herrian nagusitzen den joera”. Batez ere, gaztelania edo frantsesa gailentzen direla zehaztu zuen adituak hitzorduan: “Arnasguneetan, euskara da transmititzen den hizkuntza, normal-normal. Ez dago, nolabait, gurasoen aldetik gogoeta kontziente bat”. Horrekin lotuta dago ekosistemako hirugarren lengoaia, belaunaldiartekotasunarena: “Orokorrean, adinaren arabera, erabilera asko aldatzen da. Umeak dira euskaraz gehien egiten dutenak, gero gazteak, helduak eta, azkenik, adinekoak. Arnasguneetan ez dago horrelako hurrenkerarik, arnasguneetan umeek helduek bezala egiten dute euskaraz. Ez dago adinaren araberako horrelako ezberdintasunik”.
Aurrerantz, beherantz
Behin testuinguruan kokatuta, begirada historian atzera botatzeko gonbita luzatu zuen Goikoetxeak hitzaldian, joan den mendeko datuetan lur hartzeko: Hego Euskal Herrian, 1900. urtearen bueltan jaio ziren umeen artean, 5etik 2 arnasguneetan jaiotzen ziren. Hamarkadetan aurrera egin ahala, datuak beherantz amiltzen direla nabarmendu zuen adituak: “Gero eta ume gutxiago jaiotzen ziren testuinguru horietako udalerrietan; ez ume gutxiago jaiotzen zirelako horietan, herri batzuk jada arnasgune izateari uzten ziotelako baizik”. Gaur egungo argazkiari erreparatuz gero, galerak etenik ez duela mahaigaineratu zuen Goikoetxeak: “Umeen % 10 inguru jaiotzen dira arnasguneetan eta horietako gehienak, arnasgune erasanetan”.
1991. urtean euskararen erabilera % 90etik gora erabiltzen zuten 40 udalerri baino gehiagotan Hego Euskal Herrian. Gaur egun datu horiek behea jo dutela azpimarratu zuen Goikoetxeak hitzaldian, egun, ez baitago, jada izaera horretako eremurik: “Euskara zenbat eta sendoago egon, orduan eta handiagoa izan da jaitsiera”. Kontrako fenomenoa ere gertatu dela gehitu zuen hizlariak, Gasteiz bezalako hiri batean: “Abiapuntu ahulena zen lekuetan askoz jende gehiago bizi den eremuan, igoera txiki bat egon da. Dena dela, askoz gehiago da galdu duguna irabazi duguna baino”.
Euskararen emaria
Maila kualitatiboari zein sinbolikoari garrantzia emateaz gain, datu kuantitatiboak ere inportanteak direla iritzi du Goikoetxeak, auziari eusteko ariketan. Hego Euskal Herriko pisu demografikoari begiratuz gero, jende gehiena euskarak presentzia sozial oso txikia duen lekuetan bizi dela aipatu zuen hizlariak, alegia herritarren % 83 bizi dela euskararen presentzia 5etik 1ekoa baino txikiagoa den eremuan. Aldiz, arnasgune beteetan, % 1 bizi da, arnasgune erasanetan % 4 eta euskararen presentziaren langa % 40ra jaitsiz gero, populazioaren % 6a. Behin zenbakiak gordin aurkeztuta, galdera bota zuen airera: egunero ekoizten den euskara guztiaren ehuneko zenbat sortzen da eremu bakoitzean? Arnasgune beteetan egunero egiten den euskara guztiaren % 10; arnasgune erasanetan % 19 eta, euskararen presentzia % 40ko mailara eramanda, eguneroko erabileraren % 23. Beste era batera esanda, soilik, Hegoaldeko populazioaren %11 bizi den herrietan sortzen da eguneroko ekoizpenaren erdia: “Oso jende gutxi da biztanle aldetik, Xoxokan ere oso jende gutxi bizi zarete, baina horrelako eremuak erortzen baldin bazaizkigu, eta joera ez da ona, bagoaz”.
Zer diote datuek etorkizunaz?
Zenbakiek ez dute iragarpen baikorrik egiten etorkizuneko arnasguneei buruz. UEMAK “bere gordinean” egindako proiekzio bat eraman zuen Goikoetxeak Xoxokako hitzordura, arnasguneen bizi-itxaropenari buruz hausnartzeko: “Arnasguneek azken mende honetan eta azken hamarkadetan bereziki izan duen jaitsiera ez da geldituko, baizik eta handitu egingo da. Gaur egungo joerak aldatzen ez badira, 2036rako arnasgunerik ez zaigu geldituko”.
Etxe atarian
Aferari gertutasuna eman nahian, tokian tokiko datuen gainean jarduteko tartea ere hartu zuen Goikoetxeak, Urnietaren eta Xoxokaren arteko ezberdintasunak azaleratzeko. 2021ean egindako azken zentsuko datuetara jo zuen horretarako, hau da, hamar urtean behin egiten den ariketa estatistiko erraldoiko emaitzetara. Zenbakien horiek modu orientagarrian erabili behar direla aitortu zuen: “Fidagarritasuna badauka, baita balio legala ere, baina kontuz hartu behar dira datuak, batez ere eremu txikietan”.
Ezagutzari dagokionez, gutxi gorabahera herrigunean biztanleen % 60k menperatzen du euskara, %18ak ulertu bai, baina hitz egiteko gaitasun eza du eta % 22ak ez du ulertu ere egiten. Xoxokan, % 85ak daki euskaraz, % 8ak, ulertu arren, ez dauka hitz egiteko nahikoa oinarririk eta % 7 ez da gai hizkuntza ulertzeko.
Etxe barrura salto eginda, zein da herrigunean nagusiki transmititzen den hizkuntza? Adituak aditzera eman zuenez, herrigunean, populazioaren erdiari baino gehiagori gaztelania transmititu diete gurasoek; 3tik 1ek, berriz, euskara jaso du. Bestalde, biztanleen % 8 elebitasunean hazi izan da, eta % 5ek ez dute ez euskara ez gaztelania jaso, beste hizkuntza bat baizik. Xoxokara hurbilduta, bizilagunen % 13k izan du gaztelania lehen hizkuntza; euskara, aldiz, 5 kidetik 4k. Hala, % 5ak aipaturiko bi hizkuntzak izan dituzte eta % 3ak horiek ez diren beste bat.
Horren aurrean, Goikoetxeak adierazi zuen, gutxi gorabehera, herriguneko biztanleriaren % 55ak ez duela etxean euskara hitz egiten eta zabaltzen ari dela gaur egun %20an kokatzen den elebitasunaren tartea. Xoxokan, halaber % 50 pasatxo jarduten da euskara hutsean, % 22 euskaraz zein gaztelaniaz eta % 27 erdaraz.
Datuokin desberdinkeriaz baino desberdintasunaz mintzatu beharra dagoela uste du adituak: “Egoera soziolinguistikoa diferentea da hemen eta horrek eskatzen du nolabait egoera horren araberako neurriak politikak jokabideak eta erabakiak behar ditugula”. Baitzapen horren zergatiagatik galdetuta, oso argi du Goikoetxeak: “Xoxoka bezalako eremuak behar ditugulako, xoxokarrentzat, urnietarrentzat eta euskal herritarrentzat”.