18/98 auzia aski ezaguna izan zen Euskal Herrian, ETAren akusaziopean herritar eta ekimen ugari epaitu zituztelako. Ttanttaka Teatroa konpainiak Joxemi Zumalabe Fundazioaren kasua abiapuntu hartu du: prozesu judizial hura gogoan hartuz, desobedientzia zibilaren historian barrena bidaia batean murgiltzen du ikuslegoa, desobendientziaren azken garapenei ere erreparatuz.
"Zergatik desobeditu? Noiz desobeditu behar dugu legezkoa dena legitimotasun handiago batera hurbiltzeko? Legezkoa beti al da legitimoa? Legitimoa al da desobedientzia zibila gizarte demokratikoetan? Balio al du desobedientzia zibilak legeak erreformatzeko tresna politiko gisa?", galdera horiek bulkada modukoa izan ziren Maria Goirizelaia obraren egilearentzat. Bilbon jaioa, 1983an, zuzendaria, dramaturgoa, aktorea eta antzerki-ikertzailea da. Bere azken lanen artean nabarmentzen dira Yerma (Sala BBK), Altsasu (Arriaga Antzokia) eta El Patio de mi casa. Azken lan honekin, Max Sarietan egile errebelazio onenaren finalistatzat izendatu zuten. 2017an, Ane Pikazarekin batera, La Dramatica Errante konpainia martxan jarri zuen. Egun, zuzendari eta idazle izateaz gain, Sala BBKren programatzaile artistikoa da. Bernues eta Gabirondoren zuzendaritzapean, bost aktore igoko dira oholtzara.
Aurre-estreinaldia Urnietan izango da, igande honetan, 19:00tan hasita.