"Gure indar guztiak jarriko ditugu hurrengo urtean, Urnietan, txoznak duintasunez jarri ahal izateko"

Urnietako Txosna Batzordea 2025eko abenduaren 19a

Azken aldian bolo-bolo dabil gure herriaren izena handik eta hemendik. Ez dira hitz goxoak entzun behar izan ditugunak eta harridura, mina eta haserrea sortu dute Txozna Batzordean, baita herrian ere. Ez ditugu ulertzen EAJ-PNVko Gipuzkoako Buru Batzarraren adierazpenak, edo Udalak jaietan izandako eta ordenantzaren eraketa prozesuan izaten ari den jokamoldea.

Lehena, Urnietan eman den eztabaida zilegi baten aurrean, Txozna Batzordea kriminalizatzen saiatu da. Adierazpenak oso larriak direla uste dugu, Txozna Batzordeak ez baitu inongo errespetu faltarik adierazi ez alkateari ez beste Udaleko ordezkariei ere. Gainera, ez dugu onartuko gure lan egiteko modua eta independentzia erasotzea, bide batez ulertzera ematen baitu EH Bilduren esanetara jarduten dugula. Zaila izango zaio Buru Batzarrari ulertzea gure bilerak guztiz irekiak direla eta iritzi desberdinak eztabaidatuz ematen direla. Elektoralismoz eta biktimismoz betetako adierazpenak azken finean, eta horrela, gure borroka zilegia desitxuratu eta gutxiestea dute jomuga Buru Batzarraren adierazpenek.

Bestetik, ezin dugu beste modu batean ulertu Udalaren jarrera herriko jaietan. Balorazio bileran kultura zinegotziak adierazi zuen bezala, Udalak, 125.000 euro gastatu ditu “normaltasun” itxura ematen festei Urnietar guztion poltsikotik, horietatik 72.930 euro kontzertuetara bideratuak izan direlarik. Bestalde, festen aurrekontua 110.000 eurokoa zen, baina 15.000 euro gehiago gastatu dituzte. Udal gobernuak gatazka honen aurrean erakutsi duen gaitasun eza estaltzeko diru publikoaren xahuketa hau egitea erabat tokiz kanpo dagoela uste dugu.

Hori gutxi balitz, ordenantza berriaren eraketa prozesua martxan zegoela, hau da, Txozna Batzordeak eta beste herriko eragileak proposamen zehatzak bidali ostean, Udal gobernuak, aldebakartasunez, bitartekaritza enpresa bat kontratatzea erabaki du, Txozna Batzordearekin negoziatzeko edo egoera honi irtenbide bat bilatu asmoz. Diru publikoaren xahuketa areagotzen du honek, eta are larriagoa iruditzen zaigu Udal gobernu honek adierazten duen negoziatzeko edo arazoari irtenbide bat emateko gaitasun eza.

Gauzak horrela, Txozna Batzordeak bitartekaritza enpresa horrekin elkartuko dela adierazi nahi du. Korapilo hau askatzea da gure lehentasuna, eta herriarekiko konpromisoagatik prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki degu. Gure indar guztiak jarriko ditugu hurrengo urtean, Urnietan, txoznak duintasunez jarri ahal izateko.

GORA URNIETA!

GORA TXOZNA BATZORDEA!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!