Martxan da Adarramendi abesbatza

Aiurri 2026ko urtarrilaren 15a

Josu Elberdin Badiola pasaitarraren zuzendaritzapean, ostegunero entseatzeko elkartzen dira.

2025eko amaieran lehen urratsak eman ostean, martxan da Urnietan Adarramendi Abesbatza. Partaideak Josu Elberdin Badiola (Pasaia, 1976) konpositore eta zuzendariaren gidaritzapean ari dira lanean. Ostegunero dute hitzordua, iluntzeko 20:15etan hasita, kiroldegiko box delako gelan. Saioek ordubete pasatxokoak dira. Deitzaileek jakinarazi dutenez, oraindik ere badago aukera abesbatzako kide izateko.

Interesdunak harremanetan jar daitezke helbide elektronikora idatziz (idazkaria@easomusikaeskola.com), edo telefono zenbakira deituz (688 876 813).

Adarramendi izena abesbatzari jartzeko ideia kideen artetik sortu da. "Izena hautatzeak herriaren sustraiekin bat egitea da", adierazi dute deitzaileek ohar bidez.

Easo Abesbatza kantu koralean erreferentzietakoa da Euskal Herrian, eta haien begiradapean abiatu da Urnietakoa.

Josu Elberdin Badiola

Eskarmentu handiko zuzendaria du Adarramendik. Elberdinek Musika ikasketak Pasaia Musikal Erdi Mailako Kontserbatorioan egin zituen eta bertan Piano eta Kantu irakasle titulua lortu zuen. 2000tik Pasaiako Udal Musika Eskolako irakaslea da eta 1991tik Trintxerpeko Karmengo Andre Mariaren parrokiako organista da. Han eta hemen haur eta helduen abesbatza-zuzendaritzako mintegiak eta ikastaroak ematen ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!