"Jendearekin gertuko harremana izatea ahalbidetzen dit Rediams zentroak"

Alba Cabrera Jauregi 2026ko urtarrilaren 18a

Jarduera fisikoaren bueltan komunitatea indartzea du xede Rediamss espazioak. Horretarako, askotariko eskaintzak ditu aukeran, herritar guztiei begira. Maider Calvo Gonzalez da arduraduna.

Bi hamarkada inguru daramatza Maider Calvo Gonzalezek ongizateari loturiko jarduera fisikoaren munduan murgilduta. Hala, ikasturtea ekitearekin batera, Rediamss espazioaren ateak ireki zituen Urnietan: ibilbideak eman dion eskarmentuak  eta etorkizunera begiratzeko duen anbizioak bat egiten dute bertan.

Urteak eman dituzu kirol monitoretzan. Zein izan da une honetan zure zentro propioa zabaltzera eraman zaituen arrazoia?

Aspalditik izan dut horretarako gogoa. Nire lanaz gain, betidanik eduki dut egin dudan gauzetan jarraitu nauen nire aparteko ikasle-sarea, nire jendea. Hernanikoa naiz ni, baina urnietarra dut bikotekidea eta hemen bertan bizi gara gure bi alabekin. Herrian ireki dut Rediamss zentroa, gertutasunagatik egunerokoa errazagoa izateko. Azkenean, kiroldegian oso azkarra da martxa, izan pilates, izan spinning, izan aerobic... Ez dago gelditzeko aukerarik, baina hemen bai. Jendearekin gertuko harremana izatea ahalbidetzen dit zentroak. Buruan ditudan ideia guztiak gauzatzeko aukera da.

Irailean ireki zenituen ateak. Zer moduzko harrera izan du?

Oso polita izan da. Kirola egitera ohituta ez zeuden herritarren arreta deitu dut eta hori da gehien gustatu zaidana. Etorri dira, proba egin dute, neurria hartu diote, klase bat, bi... Masterclass-etan izena eman duenik ere bada! Jarduera fisikoan motibazioa piztu diet eta oso aberasgarria bezain garrantzitsua da hori niretzat.

Zer dauka Rediamss espazioak berezitik profil horretako jendearen interesa pizteko?

Komunitatea egiten du. Oasi txiki bat da herrian zentroa: toki lasaia da, patxadatsua. Klase barruan goxotasuna sentitzen da eta ez ditut zenbaki gisa irakurtzen nire ikasleak, pertsonak dira, nire jendea. Bakoitzari momentu bat eskaintzen diot, nola datozen, zer moduz sentitzen diren, nola doazen...

Askotariko jendea etorrita, erronka al da zuretzat guztien martxara egokitzea?

Oso zorrotza naiz neure buruarekin, gimnastika erritmikotik bainator. Berriak direnei ahal duten beste egiteko esaten diet, jakina, eta martxa mantsoagoa dute hasieran, noski. Ariketak egokitzen ditut beharren arabera, oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Hala ere, era berean, nire klasearen helburu nagusia guztiak erritmo berera joatea da. Gimnastika erritmikoa, adibidez, oso exijentea da maila bisualean eta gorputz-jarrerak ere asko zaintzen dira. Nork bere barruan duen dantzari hori irudikatzeko eskatzen diet askotan ariketak egitean. Horrela, ez dago niretzat pertsona bakoitzaren bilakaera ikustea baino plazer handiagorik.

Pilates, tonifikazioa, “core training”… Zure eskaintzari erreparatuta, zerekin egingo du topo Rediamss espaziora gerturatzen denak?

Hainbat aldagaik egiten dute ezberdin Rediamss zentroak eskaintzen duena. Nahiko ibilbide luzea dut egina eta denetatik eman dut. Esan bezala, gainera, gimnastika erritmikotik nator eta baita antzerkia egitetik ere. Horrez gain, oso gustuko dut pilatesa eta oso lagungarria izan zait pertsonalki, izan ere, eskoliosia eduki nuen eta horregatik utzi behar izan nuen gimnastika erritmikoa. Horrela, igeriketara egin nuen jauzi eta hemeretzi bat urterekin hasi nintzen kirol-monitore gisa lanean. Urte horietan guztietan pilateseko klaseak eman nituen eta biziki onuragarria izan zen hori nire osasunarentzat. 25 urterekin egin nuen bizkarrezurrari begirako azken osasun-azterketa eta nabarmena zen aldaketa. Bestalde, arrazoiari, buruari pisu handia eman izan diot betidanik, eta antzerkia egiteak asko lagundu hemen eta orain egoten. Hori dena zentroan bertan islatzen da, klaseetan.

Pisu handia du pilatesak zure eskaintzan. Zertan bereizten dira “fit pilates” eta “pilates slow”?

Oinarrizko pilatesetik datoz bi modalitateak. Slow delakoan, musika lasaigarria ipintzen da, sekuentzia gutxiago egiten dira eta luzaketek garrantzia dute. Fit-ean, berriz,  erritmoa azkarragoa da, musika energikoagoarekin egiten da eta fitness-eko ariketak sartzen dira.

Bestela, zehazki, indarra lantzeko ariketei ere pisua ematen diezu tonifikazioa eta “core training”-arekin.

Hori da. Pilatesetik harago ere jo nahi nuen, urteotan ikasi dudan guztia eskaini eta abanikoa irekitzeko, kirola egin nahi duen ororentzat. Gaur egun, oso garrantzitsua da indar ariketak egitea. Niretzat interesgarriena zenbait modalitate uztartzea da eta hori kontuan hartuta prestatu dut eskaintza, jendea motibatuta etortzea baita helburua. Ordutegiekin malgutasuna ematen diet hona gerturatzen direnei, diziplina bat baino gehiago landu ahal izateko, izan erresistentzia, izan oreka, izan indarra...

Umeentzat ere baduzu eskaintzarik…

Oso gustuko dut umeekin lan egitea eta interesgarria iruditzen zait beren artean sortzen den zera polit hori, elkarrekin kirola egiten duten bitartean. Gainera, nire alaba etortzen da eta berarekin egoteko aukera ere ematen dit. Ideia asko ditut buruan beraiekin egiteko, gimnastika erritmikoa, antzerkia, yoga...

Santa Klara isla, Kontxako hondartza, Urgull ingurua, Donostiako anfiteatroa… Zure jarduna zentrotik ateratzeko aukera ematen diezu erabiltzaileei.

Pandemia garaian hasi nintzen "outdoor training" delakoarekin. Talde itxiarekin ekin nion, zazpi bat pertsonarekin eta oso atmosfera polita sortu genuen. Planera batzeko aukera zabaldu nuen eta igande goizetan egiten hasi nintzen anfiteatroan. Uda sasoia iristean, martxotik irailera bitarte, Kontxako hondartzan egiten dugu, igandero, goizeko 08:30ean. Aurtengo denboraldia, adibidez, 22 lagunekin amaitu dut. Bestalde “wellness” hitzorduak ere sortzen ditut.

Zer egiten da horietan?

Denetatik pixka bat. Plan sozialak izaten dira, arteari eta osasunari begirako jarduerek bat egin dezaten. Sare sozialen bitartez emakume ekintzaileak ezagutu ditut eta oso interesgarria iruditzen zait haiekin elkarlanean aritzea. DJ-a den lagun bat daukat eta berak musika ipini bitartean pilates egiten dugu, eta, ondoren, gosaria edo afaria egiten dugu, orduaren arabera. Margolaria den beste lagun bat dut, eta berarekin koadroak pintatzen izaten gara, pilates egiten dugu, bai eta “brunch-a” ere. Kakorratz-lana egiten duten beste batzuk ere ezagutzen ditut eta haiekin batera zerbait egiteko asmoarekin ere banabil.

Ez dira ausaz aukeratutako tokiak lehen aipatutakoak. Zein onura dakartza horrelako ezaugarriak dituzten txokoetan kirola egiteak?

Onurak? Guztiak! Oso gustuko dut, adibidez, hondartza, betidanik, neure lehen alaba ere ia Kontxako hondartzan jaio zen! Oparia da, ez soilik klasera etortzen direnentzat, baita niretzat ere. Ez dut lan gisa bizi: goizeko 08:30ean guretzat izaten da hondartza... Paradisua gure oinetan izateko modu bat da eta lasai ekiten diot asteari.

Eta hori guztia gutxi balitz bezala… Masterclass-ak ere ematen dituzu.

Astelehenetik ostiralera klaseak ematen ditut, baina hortik harago ere beste proposamen batzuk eskaini nahi ditut asteburuari begira: "cardio box" eta  zunba egin ditugu, bachata egin nahiko nuke, dantza garaikidea, antzerkia…

Instagram sare soziala darabilzu egiten duzunaren berri emateko. Erakusleiho handia al da zure jarduna zabaltzeari begira?

Bai, bai, gaur egun daukaten guztia Instagram-ak eman dit, eta ez soilik lan arloan.

Era berean, inspirazioa ere eman dit. Madrilgo eta Bartzelonako ereduetatik ikasi dut nik eta komunitatea osatzen dugu espazio honetan, plana sortzen dugu jendea bildu eta elkarrekin kirola egiteko.

Esaten duzunarekin lotuta, babes handia erakusten dizute erabiltzaileek, igotzen duzun eduki bakoitzean.

Pixkanaka osatzen ari garen komunitatea ikusten da, oso eskertuta dago jendea egiten dudan lanarekin. Aurrera jarraitzeko motibazioa areagotzen dit horrek. Hitzordu bat proposatzen dudan aldiro oso erantzun ona jasotzen dut.

Hemeretzi bat urte zenituela hasi zinen klaseak ematen. 38 urte dituzu orain. Aski aldatu zara zu bi hamarkadatan. Zertan aldatu da "wellness"-a, ongizate mundua?

Plana bihurtu da, gaur egun, elkarrekin kirola egitea. Daukagun bizi-erritmo kaotikoaren aurrean, norberarentzat denbora hartzeko aukera da eta Rediamss zentroak hori bermatzen du: lagun artean, seme-alabekin...

Rediamss espazioan izena eman nahi dutenek, beraz, nola egin dezakete zurekin harremanetan jartzeko?

Hainbat bide daude aukeran, rediams33@gmail.com helbide elektronikora edota 627 74 56 46 telefono-zenbakira mezua idatzita, bai eta sare sozialen bitartez. Hona, zentrora ere gertura daitezke!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!