Itaiaren adierazpena
URTARRILAREN 15ko ERASOAREN HARIRA, ITAIAREN IRAKURKETA
"Gaur hemen bildu gara, pasa den asteko ostegunean emandako erasoa salatu, eta erasotuari gure babesa adierazteko.
Gizon batek emakume bat erasotu zuen Urnietako kiroldegian. Honek, emakumea grabatu zuen kirola egiten ari zela. Hori gutxi ez, eta grabatutako irudiak zabaldu egin zituen.
Egunerokoan bizi ditugu emakumeok matxismoaren eraginak/ondorioak: gutxiespenak, irainak, bortxaketak, sexu erasoak... Gainera, indarkeria matxista kasuetan emakumeok gara gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak garenak: gu gara gure etxebizitzak utzi behar izaten ditugunak, babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak, gu gara kalean seinalatuak garenak eta errudun sentiarazten gaituztenak.
Egun gainera, ideia errekazionarioen gorakadak, ideia eta jarrera matxisten normalizazioa eragin du. Eskuineko posizioek matxismoaren existentzia ukatu eta emakumeon irudi otzana indartzeko saiakera egiten dute etengabe.
Egoera larri horren aurrean posizionatzeko momentua da, emakumeok jasaten dugun indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurrean bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izan edo matxismoaren aurka borrokatu. Eta borroka honetan, behar beharrezkoa da eraso oro salatzea. Ez dugu onartuko erasotzaileen inpunitatea; hauek seinalatzea ezinbestekoa da.
Itaiatik jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu: batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzunez. Zentzu horretan, beharrezkoa da, matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratuz.
Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!".