"Zure odolak hiru pertsonen bizitza salba dezakeela jakiteak ez dauka preziorik"

Xabier Lasa 2026ko urtarrilaren 30a

Adolfo Merideño Barras, Cristina Maria Da Costa Peri eta Axier Alkain Aguado odol emaileek jaso dute aitortza, 25 alditan odola eman dutelako. Urnietako odol emate egunarekin batera egin zuten aitortza-ekitaldia, joan den ostiralean, Gaztelekuan

Jorge Segurado Urnietako alkatearen alkatearen, Consuelo Frutos Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Consuelo Frutosen, Izaskun Miner Urnietako Odol Emaileen Taldeko kidearen eta Luke GoÒi Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko ordezkari eta erizainaren eskutik jaso zituzten esker oneko oroigarriak. Frutosek hiru herrikideen eskuzabaltasuna goraipatu zuen, “itxaropena eta bizitza ematen duzue, eta horretaz jabetzen gara odola behar dugunean batez ere”. Seguradok, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteari eta Odol Bankuari luzatu zieten esker ona. Azkenik, Goñik, gogorarazi zuen odol emate bakoitza, beharra duten hiru pertsonentzat doala, eta erabat pozgarria dela odol emaileek agertzen duten jarrera altruista, are gehiago “materialismoa, norberekeria eta bihozgabekeria gero eta gehiago zabaltzen ari diren gizartean”.

Izaskun Miner, Luke Goñi, Jorge Segurado, Cristina Maria Da Costa, Adolfo Merideño eta Consuelo Frutos.

Beste behin, Urnietako odol emaileen talde antolatzaileak bikain asko egin zien harrera odola ematera hurbildu ziren urnietarrei. Zintzo asko aritu ziren sukaldean eta medikuaren eta erizainen laguntzaile gisa Santi Sanchez, Antton Lekuona, Maria Eugenia Rodriguez eta Izaskun Miner.

51 odol-emaile bertaratu ziren, horietatik bost lehen aldiz.

Santi Sanchez, Antton Lekuona, Maria Eugenia Rodriguez eta Izaskun Miner, Urnietako Odol-Emaileen taldeko dinamizatzaileak

 

Eskuzabal aritzen dira, anonimotasunetik

Adolfo Merideño Barras, Cristina Maria Da Costa Peri eta Axier Alkain Aguado odol-emaileak nabarmendu dituzte aurten, esan bezala. Cristina Da Costak, 35 txandetan eman duela odola zehaztu zuen. “Portugaldarra naiz jaiotzez, eta han ere herriz herri ibiltzen direnez odola biltzen, gaztetan, 10 bat alditan eman nuen, ahizpak animatuta. 16 urte dira Urnietara heldu nintzela, eta ohitura horri eutsi izan diot hemen ere. Modurik naturalenean joaten naiz horretara; jarrera horrekin joan behar dela iruditzen zait. Premiazkoa du odola gizarte honek, eta ahalmena dugun guztion betebeharra izan beharko luke”.

Da Costak kontzientziazio handiagoa nahi luke gizartean. “Istripu latza eta mediatikoa gertatzen denean, egunotan Kordoban trenekin bezala, orduan bai, jendetza bertaratzen da ospitaletara bere odola eskainiz. Halako inpaktu sozialeko ezer ez dagoenean, berriz, ematen du ez dagoela beharrik. Baina odol bankutik alarma piztu digute azken aldian, eta ez da oso ulergarria kontraste hori”.

Gazteen artean ikusten du gabezia Da Costak, batik bat: “ez dago nahi adina zabalduta odola ematearen praktika gaztedian, eta ez dakit zergatik ote den: alferkeriagatik, kontzientzia faltagatik, urrun ikusten dutelako odola beharraren kontu hori, edo besterik gabe, inork ez dielako behar bezala informatu edo animatu”.

Adolfo Merideño izan da nabarmendu duten odol emaileetako bat, aurten. “2006an aldatu ahal izan nuen lantokia eta ordutegia, eta harrezkeroztik ematen ari naiz odola. Urtean lau txandatan ematen saiatzen naiz. Gustura etortzen naiz, etxean ez dut nagiak astindu beharrik izaten hona etortzeko. Ez naiz inondik ere beldurtia, ez dit hozkirik ematen orratzak, eta di-da eman, antolatzaileek eskaintzen dizuten kafea hartu, pintxoaz gozatu, eta etxera ostera! Gauza berbera egitera animatzen dut inguruko jendea. Modu anonimoan, zure odolak hiru pertsonen bizitza salbatu dezakezula, edota behintzat beren ongizatean lagun diezaiekezula jakiteak, horrek eragiten dizun satisfazioak ez dauka preziorik!”.

Merideñoren emazte Edu Villarrek ere ostiralean hartu zuen hitzordua, odola emateko. Lehenengo aldia zen bere kasuan. “Senarrak bezala, lan-ordutegiaren aldaketa itxoin behar izan dut odola emateari ekiteko. Aurreneko aldia izateak beti eragiten dizu halako urduritasun-puntu bat, baina egia esan, ez zait batere kostatu”.

Edu Villar eta Adolfo Merideño bikotea

 

Axier Alkainek Izaskun Minerren eskutik jaso zuen esker oneko oroigarria

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!