"Oso maila altuko lehiaketa izan da"

Lide Ruiz Telleria 2026ko otsailaren 2a

Urnietarrak Bilboko BBK aretoan lehiatu ziren bi asteburu atzera, Developpe nazioarteko II. dantza lehiaketan. Eta nola, gainera! Lehen saria lortu dute.

Honako zortzikotea igo zen oholtzara: Anitz Jauregi, Izaro Bergara, Maider Isasti, Naroa Exposito, Ane Elgarresta, Maialen Aranburu, Kyra Marruedo eta Sara Intza. Esperientzia berria izan da konpainiarentzat, ez baita lehiaketa asko egiten Euskal Herrian. Eta beste behin ere maila bikaina dutela erakutsi zuten, lehen saria irabazi baitzuten.

Ez dute bizitakoa berehalakoan ahaztuko: bertako nahiz nazioarteko dantza taldeak ezagutzeko eta harremanak sortzeko aukera ahalbidetu die Bilboko esperientziak.

Etorkizunari begira, ikasturte amaierako ekitaldia prestatzeari ekingo diote orain. Azken urtea izanik, duten onena erakusteko gogo handiz antzematen zaie. Iritsiko da uda atariko lanketa horretaz gozatzeko aukera eta, bitartean, egunotako sariaz dastatzeko egunak dira.

Aurreko asteburuan nazioarteko saria jaso eta ordu gutxira, Naroa Exposito dantzariak bizitakoaren balorazioa egin zuen Aiurri astekariarentzat.

Zer nolako esperientzia izan da Bilbokoa? Poz handia sentitu zenuten saria jasotzean?

Adrenalina handiko unea izan zen, ez genuelako espero, egia esan. Lehian aritu ziren beste taldeak ikusita, txiki sentitzen  ginen. Gainera, beste konpainiak oso ezagunak ziren. Esperientzia oso oso ona izan da.

Zer suposatuko du zuentzat nazioarteko saria irabaztea?

Etorkizunera begira, emanaldi gehiagorako eta beste toki batzuetatik deituko gaituztelakoan nago. Egape Dantza Taldea ezagunago izatea lortu dugu.

Nolakoa izan da “Muniskue” piezaren lanketa?

Oso gogorra izan da. Ordu asko eman dugu prestaketa lanetan, exigentzia gehiegi izan da gure buruarentzat.

Zuen bereizgarrietako bat dantza garaikidea eta tradiziozkoa uztartzea da. Oraingoan ere bide hori jorratu duzue? 

Bai. Gipuzkoarra, Arratiako bailarakoa, Xuletinoa, arin-arina sartu dugu eta baita dantza garaikidea ere. Azkenen, lehiaketa profesionala izanik, puntu gehiago lortzeko estilo ezberdinak uztartzeko lanak hartu ditugu.

Lehiaketaren helburuetakoa bat hango eta hemengo dantza-eskolak eta taldeak biltzea izan da. Aukera izan duzue beste dantza taldeekin harremana izateko? Ikusi zenituzten beste taldeen koreografiak?

Bai, harreman gehiena Las Sardineras deituriko taldearekin izan dugu. Gasteizkoak dira, baina harremanetan izan gara Bilboko, Hondarribiko eta Europan barrena dabilen konpainia bateko kideekin.

Lehiaketako beste atal batzuk ikusteko aukera izan genuen, asteburuan. Klasikoa apur bat aspergarria egin zitzaigun, ez baita gure estiloa. Eta, bestela, harrituta gelditu ginen ballet dantzariek duten flexibilitatearekin. Txundigarria izan zen.

Lehiaketan, oro har, maila handia zegoela esango zenuke?

Bai. Hainbat taldetan maila eta exigentzia handia antzematen zen. Aintzat hartu behar da hainbatek ibilbidea egin duela maila profesionalean. Oso maila altuko lehiaketa izan da. Guri arrotza egiten zitzaigun ez baitugu inoiz horrelako lehiaketa batean parte hartu. Eta, lehiaketa igarota, aukera oso polita izan zen guretzat.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen erronkak hurrengo hilabeteetan? 

Epe motzean ez dugu lehiaketetan parte hartuko, ez baitira asko egiten Euskal Herrian. Aurrerago, ekainean ikasturte amaierako ekitaldia izango dugu.  Hori ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara, jendarteari dakiguna egiten erakusteko. Gure azkeneko urtea da eta noraino iritsi gaitezkeen erakutsi nahi dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!