Petanka leku lauetan jokatzen da, bola metaliko batzuekin eta bolitxe batekin. Jokalariek nork bere bola metalikoa behar du eduki, eta funtsean, hura jaurti eta bolitxe gorritik ahalik eta gertuen utzi behar da. Nor gertuago jaurti ote duen, zalantzak sortzen direnean, metroa erabiltzen dute eta hor konpontzen dira egon zitezkeen xextra guztiak. Baketsua da, jokoa, hortaz.
Kima Bes jokalarietako batek adierazi digunez, ez da dohain berezirik eduki behar petanka- jokalaria izateko: ”jokoa entretenigarritzat jotzeaz gain, lagun-giroan, inongo ahalegin fisiko berezirik eskatzen ez dizun lehian aritzeko gogoa eduki, besterik ez da behar”. Terapia gisa primeran datorkiela gehitu du. “Etxetik ateratzeko eta aitzakia polita edukitzen dugu”.
Joko guztien antzera, petanka ere jokalarien artean indarrak edo abilidadea neurtzeko asmatu bazen ere, Besek esan digu lagun giroa dela nagusi beraien artean.
Jokalari xumeak, Plazido Muxikan elkartzen direnak
Aldi berean, Kima Besek aitortu du nahiko jokalari amateurrak direla, egundoko zaletasuna dagoen Frantziako estatuko jokalari “profesionalen” aldean. “Guk lurrean biraka botatzen dugu bola. Frantsesek, oso teknika zaindua daukate eta marabillak egiten dituzte bolarekin; airean gora botatzen dute, eta oso neurtuta edukitzen dute non eroriko den. Azken batean, bi helburu nahi izaten dituzte lortu: batetik, bolitxetik gertu utzi bola plast!, eta bestetik, bidean aurkarien bolak jo eta horiek bolitxetik urrundu”.
700 gramokoak dira bolak, gutxi-gora behera. Ez dute askorik pisatzen, baina lurretik jasotzeko makurtu beharrak ematen zienez lanik handiena, imanaren sistema erabiltzen dute.
Jokalari taldeak tarteka joka-lekuaren mantenimendu-lanak egiten dituela gogorarazi du Kuma Besek. “Jolaslekuko hondarra zaindu behar izaten da; izan ere, zakurren arrastoak topatzen dira noizean behin, edo haurrak ere jolastera sartu, hondarrarekin aztarrika egin, eta nahaspilatuta uzten dute”.
Txapelketarako grina
Espazio publikoan dago kokatuta jolaslekua, eta jokalariek aitortzen dute guztien aisialdirako lekua dela. Nahi duenak joka dezake bertan, eta alde horretatik, interesa eduki lezakeen edonori luzatu diete gonbitea, bertara dadin. Egun Astigarragatik emakume talde bat etortzen omen da goizetan. “Jende gehiago hurbiltzen hasiko balitz, eguneko orduak banatu beharko genituzke; ez dago zertan arazorik egon behar horretan”.
Arratsaldero, Plazido Muxika plazan dibertsio polita ziurtatuta daukaten arren, aitortu dute pizgarri gisa, ez litzaiekeela gaizki etorriko petanka txapelketa bat. “Pandemiaren aurretik Salesiarretan antolatu zen txapelketa, eta nahiko arrakasta eduki zuen. Geroztik ez da deus egin hemen, eta gure artean hitz egin izan dugu zergatik ez Sanmieletan antolatu antzeko lehiaketaren bat, pentanka sustatzeko”.