Ilusioz beterik ekin dio kirol ibilbideari Oreka taldeak

Aiurri 2026ko otsailaren 6a

Urnietan abiatu berri da Oreka gimnasia erritmikoko kluba. Jubenil eta senior mailako kideak Bergaran izan dira eta bertatik pozez gainezka itzuli dira. Klubeko helduenak eredu dira taldekide txikientzat.

Oreka gimnasia erritmikoko klubeko jubenil eta senior mailako partaideak Bergaran izan ziren aurreko asteburuan. Urteko lehena izan zen eta horregatik bereziki, lan polita egiteko ilusio bereziz abiatu ziren.

Oharra igorri dute Orekako kideek: "larunbatean gure amateur gimnastek denboraldiko lehenengo lehiaketa izan zuten Bergaran, lan polita eginez eta ilusio handia erakutsiz". Honako hauek izan ziren lortutako emaitzak:

Jubenil B maila

  • Banaka: Iraia Mayordomo, 1. sailkatua pilotarekin.
  • Banaka: Maren Egurbide, 5. sailkatua pilotarekin.
  • Taldeka: 3. sailkatua. mazoekin.

Senior B maila

  • Banaka: Iraia Berasarte, 4. sailkatua uztaiarekin.

Orekako helduen ekimenak izango du jarraipena eta bigarren fasea martxoaren 14ko asteburuan jokatuko da, Tolosako Usabal kiroldegian. Pozik daude taldeko arduradunak, helduak erreferente baitira gertuko txikienentzat: "lan polita egiten ari dira klubeko gimnastak, txikientzako eredu baitira".

Eta, hain zuzen, taldeko txikiak izango dira hurrengo protagonistak. Urrutira joan gabe, asteburu honetan, alebin mailako kideak Donostiako Karmelo Balda kiroldegian ariko baitira.  Lehenengo fasean lehiatuko dira, asteburu honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!