Oriamendi enpresa txapelketaren jarraipena egiten ari da eta hitzokin jaso du aurreko asteburuko partida: "Hiru aldiz Masterseko txapelduna denak Azpiroz gainditu zuen (30-27). Azpirozek asko borrokatu zuen, urnietarra estu hartuz. Ika-mika entretenigarria izan zen, piloteatua eta fase ezberdinak izan zituena.
Partida oso parekatua hasi zen eta inork ez zuen bestea menderatzen. 6-9koaren ostean, ordea, Urnietako aurrelariak 13-1 eta 17-2ko partziala egin zuen eta markagailuan aurretik jarri zen: 19-10 eta 23-11, hurrenez hurren. Sakearekin bete-betean asmatu zuen partidaren tarte horietan. Azpiroz nekatu egin zen eta gorputzari buelta ematea kostatu egin zitzaion. Hori bai, ez zuen inoiz amore eman.
Lanean jarraitu zuen, eta horri esker pixkanaka desabantaila murrizten hasi zen piloteoan egindako lan onari esker, baita Ansaren opariren bati esker ere. Sakearekin hobeto asmatu zuen eta saketik bost tanto egitea lortu zuen. Partida estu jarri zen, 28-26 eta 29-27, baina piloteatutako azken tantoa Ansaren alde erori zen 30-27ko emaitzarekin partida itxiz". Ansak hortzak estutu behar izan zituen, pilotakada ederrak eman eta garaipena ospatzen bukatu zuen.
Juanenearen aurka jokatuko du Ansak, asteburu honetan.