Datorren otsailaren 24an, Donostian, hedabideen aurrean aurkeztuko du liburua. Alboan izango ditu Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea eta Ortzi Oihartzabal, biolin-jolea. Poesia-liburua da, argitaletxeak aditzera eman duenez: "Jon Garmendiak ibilbide luzea egin du abestientzako hitzak –batik bat Xabier Solano eta Etzakit taldearentzat–, nahiz hainbat komunikabidetarako zutabeak idazten. Oraingoan, berriz, poesia idatzira egin du jauzia eta bere lehenengo liburua ondu: Ulhaintsaren negarra, non bere bizitzako hainbat gorabehera hartu dituen inspirazio-gai, gure herriko hainbat jenderen ibilbidearekin ere bat egiten dutenak: ihes egin beharra, ezkutuan bizitzea, espetxea, deserria, oroimina... Bizipen pertsonalez harago, poemen intentsitateak eta edertasunak halako zinezkotasun bat ematen diete testuei, non-noizko inguruabarrak ahantzarazi eta ideologia oro gainditzen dutenak".