"Erakutsi nahi genuena bistaratzea lortu dugu"

Aiurri 2026ko otsailaren 19a

Iraia Mayordomo eta Iraia Berasarte Oreka taldeko kideak dira eta kirol elkarteak emandako lehen urratsez eta euren esperientziaz mintzatu dira Aiurrirekin.

Zer nolako esperientzia izan da Bergarakoa?

Iraia Mayordomo. Batzurentzat bakarka egiten zuten lehenengo txapelketa izan zen. Baina esperientzia polita izan da, irabazi genuen eta egindako lanaz oso harro gaude.

Iraia Berasarte. Nire kasuan ere ez zen lehen aldia izan. Egia esan, oso gustora eta pozik egon nintzen.

Taldearentzat zein balio du emaitza onak eskuratu izana?

Iraia Mayordomo. Pozgarria da gure esfortzua balio izan duelako. Erakutsi nahi genuena bistaratzea lortu dugu.

Nolakoa izan da zuen piezen lanketa, taldeka eta bakarka?

Iraia Mayordomo. Taldeka, “El juego del Calamar” telesailaren abestiarekin dantza bat sortu dugu. Oso berezia eta dibertigarria da, eta denen gustukoa da. Bakarkako dantzaren doinua gimnastaren gustuaren arabera aukeratzen da.

Zailtasun handiko lehiaketa izan da?

Iraia Berasarte. Lehenengoa zenez, urduri geunden eta horrek eragina izan zuen. Baina, oro har, uste dut oso ondo joan zela.

Atzetik datozen gimnastentzat eredu zarete.

Iraia Mayordomo. Bai, txikiek guk egiten diogunari jarraipen handia egiten baitiote. Nik txikitan berdin jokatzen nuen. Presio pixka bat bada gugan, txikiak guri begira daudelako. Gauzak ondo egitean haiei erakusten diegu eurek ere posible dutela.

Gimnasia erritmikoa hain ezaguna ez den kirol bat izanik, korrontearen aurka zoaztela sentitzen duzue?

Iraia Mayordomo. Desabantaila izan daiteke, baina aldi berean geroz eta ezagunagoa da.

Iraia Berasarte. Gimnasia erritmikoa egiten ari naiz zortzi urte nituenetik eta garai horretan ere ohikoa zen horretan aritzea.

Hurrengo erronka Tolosan duzue, martxoan. Dagoeneko lehiaketa hori prestatzen hasi zarete?

Iraia Berasarte. Bai, duela hilabete hasi ginen. Bergarakoa igarota, burubelarri murgildu gara Tolosara topera iristeko.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira aurtengo erronkak?

Iraia Berasarte. Ondo pasatzea, disfrutatzea, gurea ondo egitea eta nire kideekin eta entrenatzailearekin gustura egotea.

Iraia Mayordomo. Hori da. Egindakoaz harro egotea, zer egiteko gai garen demostratzea eta, garrantzitsuena, disfrutatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!