Ostegun honetan, Urnietako Udalaren osoko batzarraldian, egitasmoa bideratzeko onarpena emango diote. Gauzak horrela, lanak maiatzean hastea aurrikusi dute eta, ondo bidean, denboraldia hastearekin batera martxan izango dira belaze berria, harmailak babesteko estalkia eta eraberritutako atletismo pista. Aurrekontua ia milioi eurokoa da.
Zelaia handituko dute, hainbat moldaketa eginez. Futbolean aritzeko gune nagusia eraldatuko dute, noski, baina baita zelaiaren eta atletismo pistaren arteko tartea zabaldu ere.
Zelaiak tarte zabalagoa hartuko du, korrika egiteko pista bat kenduko dutelako: 4tik 3 pista izango dira, beraz, aurrerantzean. Horrez gain, futbol zelaiaren ondoan, beroketa eta prestaketa lanak egiteko gune berri bat egokituko dute. Denera, belar artifizialeko eremua 482,7 metro karratuko azalerakoa izango da.
Estalkiaren kasuan, Udalak nabarmendu duenez, harmailak ez ezik, futbol-zelaiaren irteera eta sarrera ere estaliko dituzte. Modu horretan, bi harmailak elkar lotuta geratuko dira. Tartean, Urnietako Kirol Elkarteak kudeatzen duen taberna ere estalita geratuko da. Jorge Segurado alkateak hedabideen aurrean egin zuen agerraldian azpimarratu zuenez, berrikuntza horiek guztiak denboraldi berrirako prest egotea espero dute.
Udalak UKE gonbidatu zuen agerraldira eta bertan Iagoba Ezama presidenteak begi onez ikusi zituen iragarritako berrikuntza guztiak.
"849.889 euroko aurrekontuko lana da"
Jorge Segurado, Urnietako alkatea
"Futbol-zelaiaren belar artifizialaren aldaketa, beroketak egiteko espazio berri baten egokitzapena eta, egun, babestu gabe dagoen harmailaren estalketa izango dira esku-hartze nagusiak.Atletismo pistari dagokionez, egungo lurra egoera txarrean dago eta lanen ondorioz egoera ezin hobean utziko dugu. Garrantzitsua da baliabide onak izatea. Ilusioz beteta gaude hobekuntza garrantzitsu hori aurrera eramateko, herritarrak izango baitira onuradunak. Proiektu handia da, eta 849.889 euroko aurrekontua du. UKErekin batera lan egin dugu proiektua guztion gustukoa izan zedin, eta oso eskertuta gaude lan-dinamika onagatik eta eskaini diguten lankidetzagatik. Zelaia denboraldi berrirako emateko prest egotea nahi dugu"
"Garrantzitsua izango da UKErentzat"
Iagoba Ezama, UKE-ko presidentea
“Taldeak instalazio berrian lanean hasteko gogo biziz gaude: zelai berria, harmailak estalita partidak ikustera doazen pertsonentzat, taberna ere estalita, korrika egiten duten pertsonek pista berrian egiteko aukera... Hobekuntza handia da eta oso garrantzitsua izango da guretzat. 300 lagun inguru gaude klubean, egun, futbol eskolatik hasi eta senior taldeetaraino. Beraz, garrantzitsua da instalazioak egoera onean izatea kirol jarduera behar bezala garatzeko. Era berean, ea lortzen dugun oraindik pausoa eman ez duten edo zalantzan dauden gaztetxoak futbolean jokatzen hastera animatzea. Baita beste talde batzuetan lehiatzen ari diren etxeko jokalariak Urnietara itzul daitezen laguntzea ere, horrela gure taldeak indartuz eta herriko sentimendua sendotuz".