SuperLore Beterri-Buruntza eskualdean 2025. urtean sortutako musika taldea da. Urtarrilean haien lehen diskoa kaleratu zuten, “Arrakastaren rave enternalean” izenekoa.
Aurretik, Meltdown eta Kyxo taldeetan aritu zineten, proiektu horiek amaitu ostean zer dela eta erabaki zenuten “Superlore” taldea sortzea?
Endika Garcia. Nahiz eta talde desberdinetan egon, elkar ezagutzen genuen. Euskal Herria txikia da, eta Buruntzaldea are txikiagoa, eta kontzertuetan ibiltzen garenok elkarren berri izaten dugu. Izan ere, oholtza konpartitu dugu, bakoitzak bere taldearekin jo izan duenean. Testuinguru horretan, Bitorrekin harremanetan jarri nintzen, Kyxo berriz martxan jartzeko, baina ez zen aurrera atera. Hala ere, proiektu berri bat sortzeko gogoa genuen, eta hortik abiatu zen Superlore sortzeko ideia. Biok hasi ginen eta berehala Pablo batu zen, eta beranduago Jon Mikel.
Kaleratu berri duzuen “Arrakastaren rave eternalean” diskoak Superlore taldearen abiapuntua markatu du. Nolakoa izan da diskoaren lanketa?
Endika Garcia. Sorkuntza musikala partekatua izan da. Bakoitza melodia bat ekartzen hasi zen entseguetara, eta horien bidez, kantak sortzeari ekin genion. Horren ondoren, hitzak sartu genituen, eta letren arteko kohesioa bilatzen saiatu ginen, disko “kontzeptual” moduko bat sortzeko.
Ostiral honetan, Donostiako Dabababa aretoan lehen aldiz aurkeztuko duzue diskoa jendeaurrean, gogotsu zaudete?
Endika Garcia. Gogotsu, eta aldi berean, urduri. Denbroa da ez garela oholtza batera igo, eta urduritasun puntu hori sentitzen dugu. Prestatzen ari gara, eta ondo aterako dela uste dugu.
Jon Mikel Lomeño. Bai, gogoa dugu, hainbeste landu duguna aurkezteko eta eskaintzeko.
Estiloari dagokionez, diozuenez, Post-Harcore, Pop Punk eta Emo Rock-en nahasketa bat da. Meltdown eta Kyxo taldeekin alderatuta, zerbait berria eginn nahi duzue?
Endika Garcia. Harrera ona izan zezakeen musikan pentsatzen hasi ginen, baina azkenean guk nahi genuen musika egitea erabaki genuen. Neurri batean, esentzia mantendu dugula uste dut, baina egia da, Kyxo eta Meltdown taldeekin alderatuta aldaketa handia egon dela. Kyxo taldeak pop kutsua zuen, eta Meltdown taldeak, berriz, Metal kutsua. .
Jon Mikel Lomeño. Ados nago, eta badaude ezaugarri batzuk aurreko taldeen antzekoak direnak eta mantendu ditugunak.
Musika egitean zein izan dira zuen erreferentzia nagusiak? Nazioartekoez gain, Euskal Herrian erreferenterik izan duzue?
Endika Garcia. Bai, baditugu. Adibidez; Meison, Etxekalte eta Dena taldeak jarraitzen ditugu, eta uste dut baditugula zenbait antzekotasun. Nazioartean batez ere; Beisment, Title Fights, Viva Belgrado...
Jon Mikel Lomeño. Estatu Batuetako One Street Closer ere bai, erreferentzia nagusiak ingelesak edo estatubatuarrak dira.
Abestietan auzi sozial eta politikoez hitz egiten duzue. Zentzu horretan, letrei eta horiek bidali dezaketen mezuei garrantzia handia ematen diozue?
Jon Mikel Lomeño. Bai, guztiz.
Endika Garcia. Bai, niri egokitu zait letrak sortzea, buruhausteak izan ditut, baina orokorrean erronka polita iruditu zait. Egun, musika merkantzia bilakatu da eta abestiak produktu gisa saltzen dira askotan. Guk, aldiz, uste dugu musika herriaren oihu bat dela eta hori letretan islatu behar dela.
Diskoa plataforma guztietan dago eskuragarri, Spotify-en izan ezik. Letrez gain, konpromiso politikoa izateari garrantzia ematen diozue?
Endika Garcia. Bai. Spotify-en kasuan, bi arrazoi nagusi egon dira gure musika bertan ez eskaintzeko. Alde batetik, musika kontsumitzeko modu baten aurkako hautua da. Izan ere, egun, oso era pasiboan kontsumitzen dugu musika, eta hein handi batean, algoritmoak erabakitzen du zer entzun behar dugun. Beste alde batetik, Palestinaren auzia dago, badakigu Spotify-ek zer eskuhartze izan duen, batez ere, armagintzako enpresen finantzaketan. Hortaz, gure erabakia automatikoa izan da. Gainera, ez dugu oztoporik izan gure musika zabaltzeko: ez da arazoa Spotify-en ez egotea. Guk ez dugu desberdintasunik nabaritu, egia esan. Horregatik, jendea animatu nahi dut aplikaziotik irtetera, ez baita ezer larria bertan ez egotea.
Jon Mikel Lomeño. Hori da, bertatik kanpo ere, maila lokalean gauzak landu daitezke, harremanak sor daitezke beste musika taldeekin, ez da beharrezkoa plataforma horretan egotea.
Endika Gracia. Erabakiak berez kolektiboa izan behar du. Entzuleak Spotify uzteko, musikariok musika kendu behar dugu, bestela ez dugu ezertan eragingo.
Superlore proiektuaren baitan, zein helburu dituzue talde gisa?
Endika Garcia. Gazteagoa ginenean, lehengo taldeekin, gehiago amesten genuen. Egun, berriz, nahiko lasai hartzen ari gara abentura berria. Jotzeko gogoz gaude, eta helburua Euskal Herriko lurralde guztietan jotzea da. Bestela, ez dugu helburu edo asmo handirik, etorkizunean kanta berriak sortu nahi ditugu, eta diskoak kaleratu. Kito.