"Ulhaintsak bezala, nik ere negar egiteko, zerbait adierazteko beharra sentitu dut”

Zuraide Etchemendy | Sara 2026ko martxoaren 2a

‘Ulhaintsaren negarra’ poesia liburua argitaratu berri du Jon Garmendiak (Urnieta, 53 urte). Azken hamarkadetako bizipenak bildu ditu bere lehen liburuan.

Lapurdin dago Arburuko borda, Saran. Urnietako Lategi bailaran Izarre baserria. Urnietan hazi eta hezi zen Jon Garmendia, Saran bizi da egun. Deserriak irentsi zuenetik gaur arte bizi izan dituenak jakinaraztea erabaki zuen duela ez aspaldi, eta ‘Ulhaintsaren negarra’ poesia liburua da emaitza. Maider Ziaurriz eta GarbiÒe Larrea urnietarrak lagun izan dituen proiektua. Bizitza bateko negarra, oihua.

Zer da ulhaintsa?

Aterpetu ninduten etxean beste euskara bat erabiltzen zutela jabetu nintzen azkar. Ilintxa, ilaintxa, ulintxa, antzeko zerbait ahoskatzen zuten, eta jabetu nintzen nire sorterrian zapelatza deitzen genuela hegazti hori. Hitz, edo izen hori, ez nuen sekula entzun eta gordeta eduki dut orain arte. Nik zapelatzarekin halako harreman berezia neukan, Izarre baserrian, aitak goldearekin lurra mugitzen zuelarik zapelatza adi egoten zen, zizareak eta bestelako bazka bilatzeko. Beti egoten da begira, zer suma, eta janari bila.

Eta negarra?

Soinu berezia du zapelatzak, haurren edo umeen negar moduko bat esango nuke. Adarramendi arranoen mendia ere bada, arroka artean kabiak zituzten gu ume ginela, eta inguru guzti horretan beti egon izan dira hegaztiak. Gure baserritik hurbil ere bai, noski, baita putreak ere. Orain ez dira asko ikusten. Zapelatza hegazti bakartia da, bakarrik ibiltzen da, beti zelatan. Zuberoako etxe hartan ezagutu nuen nire euskara eta haiena zeharo desberdina zela, gauza berdinak izendatzeko modu desberdin bat genuela, eta adibidez zapelatza ulhaintsa zen han. Zapelatza oso gustuko dudan txoria da, arranoa bezala. Arranoa azalean tatuatua dut eta zapelatza bihotzean, gainera bere negarraren fabula ere ikasi nuen eta ipuina kontatzen dut liburuan.

Zein da, bada, fabula hori?

Etxeko jaunak azaldu zidan idorte handi bat egon zela, luze jo zuen lehorte bat. Animalia guztiak erabaki bat hartzeko bildu eta txoriei ur bila joateko eskatu zieten, haiek urrun bila zezaketelako, baina zapelatzak ezezkoa esan omen zuen, eta ura bilatzeari uko egin, bertan geratzea nahiago zuela. Idortea bukatu zenean ulhaintsa zigortu egin zuten, lehorrak diren hilabetetan urik gabe utzi zuten. Ulhaintsak negarra egiten du egarri delako. Hori da nik ikasi nuen fabula. Bere oihua da, zerbait adierazteko egiten du negarra, eta nire negarra hori da, zerbait adierazteko negarra. Nire azken hamarkadetako bidearen oihua edo negarra.

Negar horretan jasotakoak ze denbora epekoak dira?

Bide luze bat izan da. Kaieran gauzak apuntatzeko joera izan dut beti, eskuz idazten dut, eta bizipen horiek poema batekin lotu izan ditut tarteka, baina kutxa zaharretan gelditu dira gordeta. Izan daiteke Madrilen, Parisen, Tolosako kartzelan (Okzitania), Bordelen… Idatziak pilatu zaizkit. Kantugintzan murgildu izan naiz nagusiki, zehazki ez dakit baina 250 abesti idatzi ditudala esango nuke, Etzakiten hasi eta Esne Beltzaraino 30 urtez, baina kantu bihurtu ezin ziren idatzi pila bat neuzkan hor zehar. Bizipen horiek kontatzeko beharra dudala sentitu dut, eta ‘Ulhaintsaren negarra’ liburuan bildu ditut.

Zergatik behar hori?

Hau ez dut asmatu, gertatu egin da. Ez banu kontatuko nire inguru hurbilak baizik ez luke jakingo zer bizi izan dudan, eta haiek ere detaile askorik gabe; egia da biluztu egiten naizela edonoren bistara, eta askotan galdetu diodala nire buruari ´zertarako?ª, baina egin behar nuela konbentzituta hartu nuen erabakia. Nire bizipen berberak ezagutu dituen jende piloa ezagutu dut etxetik kanpo ibili naizen urte horietan, nire aurretik beste asko egon dira gainera, eta gutxik izan dute aukera bizitu dutena kontatzeko. Euskal Herrian bere etxea utzi eta auskalo nora partitu den jende gehiegi izan da, iheslariak, erbesteratuak, deserriratuak, deitu nahi duzun moduan baina etxeko goxotasunetik, familiatik urrunduak izan dira denak, eta hori drama handi bat da. Ez azken hamarkadatan bakarrik, aurretik ere ehunka izan dira, milaka.

Eta non agertzen da poesia?

Poesia umetatik gustatu zait, ikasi eta landu egin dut. Ikastolan euskal kultura eta sorkuntza lantzen zuten irakasleak izan nituen, Lurdes Iriondo, Juxto EgaÒa, Antton Jauregi… eta musika nahiz antzerkia jorratzen zutelarik erakarpen handia piztu zitzaidan. Nerabezaroan bertsoekin ausartu nintzen baina nire burua egokiago ikusten nuen idazteko, poesiaren metrika askotan adibidez. Amaren laguna zen Xabier Lete, eta gaztaro hartan dezente landu nuen poesia berarekin, liburuan egiten dut haren aipamena, nola ez ba. Frantziako Tolosan kartzelan nengoela gutunak idatzi zizkidan, eta haietako bat hortxe agertzen da. Odisea luzean poemak bata bestearen atzetik idatzi ditut, ez egunero noski, baina bai zerbaitek barrua mugitu zidanean, eta idatzi horiekin denekin zer egin edo nire antolaketa txar horretan, hasieran Andoni Urbistondo lagunari eskatu nion Maider Ziaurriz zuzentzaile eta itzultzailearekin harremanetan jartzea, Geroxeago GarbiÒe Larreari, baina argi neukan Maiderrek jaso behar zituela.

Zertarako?

Sentsibilitate bereziko pertsona iruditzen baitzait Maider, eta hizkuntzaren jakinduria eta literaturaren ezagutza egokia duela bestalde; Berria egunkarian egindako lan ederra da horren erakusle, edo gaur egungo bere lanean egiten duena bestela. Gordeta neukan paper pila hari buelta batzuk emateko eskatu nion, orden bat emateko, irakurtzeko zer neukan jasoa, ea zerbait ikusten ote zuen berak han. Argiki esan zidan idatzi horietan liburu bat behintzat bazegoela. Beste urnietar bat ere oso garrantzitsua izan zen liburu hau argitaratu behar nuela erabakitzeko, GarbiÒe Larrea, eskarmentu ederra du berak, argitaratu duen liburu bakoitza arrakastatsua da, milaka ale saltzeaz gain dibulgazioan sekulako lana egiten du, eta lekua egiten diot beti bere hausnarketa bakoitzari. Poema asko oso intimoak dira, oso nireak, eta zalantza asko izan dut, jendeak horiek jakin behar ote dituen ala ez, baina kontatzen ez dena existitu ez balitz bezala denez, kontatzea erabaki dut.

Urte asko dira, bizipen asko… ez zen erraza izango bizipen guzti horiei zentzu bat ematea, ezta?

Zaila egin zaidana da duela ia 30 urteko poemak kokatzea, haietan nire burua ezagutzea. Duela 20 bat urte Parisen nengoen, eta orduan gatazka politikoa edo dena delakoa ez zela inoiz bukatuko uste nuen, ez nintzela berriro etxera itzuliko, orain dena aldatu da eta desberdin ikusten dugu dena. Garai zailak, bakardadeagatik, fisikoki ez nengoelako ondo, agirien faltagatik, diru eskasiagatik edo beste edozein arazo neukala idatzitakoak orain irakurrita, kosta egiten zitzaidan nire burua ezagutzea, poema ilunak ziren gainera, bata bestearen atzetik idatziak. Zaila da hori kontatzea, horrekin guztiarekin liburu bat osatzea, eta halakoren batek egon behar du baina ez denek, bizi izan dudan odisean gauza ilunak asko daudelako baina baita argiak ere, baikorrak, onak.

Orduan idatzitakoak jaso bezala mantendu dituzu liburuan?

Bai. Nire idazkera ezberdina da egoera eta unearen arabera, aldatzen joan da, hitz berriak agertu eta beste batzuk agortu, baina poemak bere-berean utzi ditut, bestela nire buruari iruzur egin eta bizitakoaren aurka egitea litzateke. Adibidez, lehen aipatu dudan Xabier Letek Lurdes Iriondoren heriotzaren inguruan idatzi zidan gutuna da liburuan jarri dudana, eta nik ‘Poetaren gaua’ idatzi nuen orduan, ez dakit berari erantzun bat emateko izan zen edo bere hitzak baliatuz nik kartzela hartan bizi nuena ulertzeko ote zen. 2006 urteaz ari naiz, 20 urte dira, denbora asko, eta eduki dut nire poema horretan hitzen bat aldatzeko tentazioa, baina orduan idatzi nuen bezalaxe jasotzen da liburuan.

Zeri buruz dira poemak?

Denetarik dago, urruntasuna, distantzia, bakardadea, samina, etxemina, jendemina, baita poza ere. Gazte garaiak, baserrikoak, konpromisoak hartu nituen garaikoak… Erbestea eta deserriaz mintzatzen gara unibertsalki, baina jende askok uzten du bere etxea motibo desberdinengatik, eta hor dago haustura eta min berdin bat. Etxea uztean zulo bat uzten duzu gainera, ez da zuk zuloa eramaten duzula soilik. Haiek zu gabe jarraitu behar dute, eta norberaren abentura hor hasten bada ere haustura asko sortzen dira atzean. Zuri galdera asko sortzen zaizkizu, ordurarte ezagutu duzunetik urrun nola biziko zaren, ohituko ote zaren errealitate berri horretara, zenbateraino hautatu duzun zuk gertatu zaizuna, lagunik gabe, familia gabe biziko ote naiz? Etxera bueltatuko ote naiz? Niretzat odisea luze eta mingarria izan da etxetik urrun egon naizen denbora hau guztia, eta odisea hori kontatzen saiatu naiz.

Deserrian sormenerako tarterik bada?

Inoiz baino gehiago. Egoera txar edo tristeetan sentikorrago zaude. Une horietan idazteko ohitura daukat eta eskuz, ordenagailuen garaiak berandu harrapatu bainau. Une horretan ezin banuen idatzi, oroimenean gordetzen nuen, eta aukera bilatu dudanean, ttak, idatzi. Ez-leku asko bizi izan ditut. ‘Hemen nago, baina etxea bakarra da’, pentsatzen duzu. Bakarren batek esango du: ‘baina ez zaude zure herritik hain urrun’. Ondoan egonda egon zaitezke urrunen, batez ere hurbiltzeko debekua baldin baduzu, eta hori ez da samurra. Lehen ere esan dut, euskaldun askok bizi izan dute deserria, urruntasun forzatua, etxeratzeko debekua, eta ez bakarrik azken mende erdian, eta badirudi talde edo multzo bati buruz mintzatu zaitezkeela, baina hor bakoitza egon da eta dago bere gauean (Letek esaten zuen bezala), bakoitzak drama bat bizi izan du. Begian izoztu zaizkizu etxeko lekuak, herriko inguruak, pertsonak, baina haiek gabe biziko zara zu, horrek denak nola egiten duen aurrera ikusi gabe, eta zu ez zaude, ez zara egongo, zutaz ahaztuko dira beharbada. Angustia erabateko bat bizitzen da etxetik kanpo, neri hala gertatu zait. Beste batek beste modu batean biziko du beharbada. Eta zu ez zauden etxekoak zahartzen doaz, eta jabetzen zara hilko direla zu haiekin egon gabe. Horrela joan zen gure aita, adibidez. Deserrian, dena den, ez da dena txarra. Nik lagun berriak egin ditut, familia berri bat sortu. Zauriekin, minarekin bizitzen ohitu behar duzu, zurea ez den tokian baitzaude beti. Liburuan bada poema bat, ‘inportazioko autoa’ izenekoa. Auto hori ekarri eta denak begira egoten dira. Nik metafora bat egin dut, eta antzeko egoera islatu, bizi izan naizen tokietan jendeak bazekielako nor nintzen. Baita herriko jendarmeek ere.

Noiz erabakitzen duzu liburua argitaratzea?

30 urte abestiak idazten eman ditut. Kazetari gisa aritua naiz lanean. Azken 14 urteak GARA egunkarian zutabegile eta hainbat artikulu idazten. Abestiena alboratu gabe ere beste zerbaiti heltzeko gogoa piztu zait, eta poesiara bildu naiz pixkanaka. Baina argi dut beste ezeren gainetik idazlea naizela, eta horregatik ireki nahi nituen ate berriak.

Zer izan da zuretzat zailena?

Nire bizipenak publiko egitea, ez delako fikzioa. Kontatzen dudana gertatu egin da. Nire begietatik, baina gertatu egin da. Jende askoren inguruko bizipen errealak dira. Biluztu eta gertakari batzuk kontatzea erabaki dut. Nireak dira. Liburu bat, eta horrelako liburu asko behar dira, ez baita apenas kontatu. Sortu zait beldur bat: ‘zer esango dute nitaz’, edo ‘ez al dut nire familia ahulduko?’. Egin behar nuela pentsatu nuen, eta egin dut.

Liburuko bukaera ere berezia da.

Bai, kantu bat da. Ezaguna egin den kantu bat gainera, publikatuta zeuden abestietatik urrundu egin naiz, ez neukan haiek liburuan jartzeko asmoa, edo izan liteke ez neukala abestiak nireak direla esateko gogoa, jendearenak baitira gaur egun, baina liburua amaitzeko duela 16 urte argitaratu genuen ´Gogoakª erabili dut: ‘Emaidazu berriro ongi etorria’. Nire ongietorria, itzulera amestuz.

ELKAR argitaletxeak argitaratu du zure liburua. Eta euskarazko argitalpenak egiten diren epizentrotik, Durangoko Azokatik urrun. Zergatik?

Beldur eszenikoa dudalako, bertigoa. 1998an egon nintzen han azken aldiz, eta halako toki jendetsu batera joateak beldurra ematen dit oraindik. Ez da, noski, Durangoko Azokaren aurkako ezer, halako toki jendetsu eta arrakastatsuak beharrezkoak baititu gure euskarak, diglosia garaiotan mainstream diren kontuak behar ditugu euskaldunok. Jende asko pilatzen diren tokiak nahasmena sortzen dit, ez baitakit aspaldi ikusi ez dudan jende batekin zertaz edo nola hitz egin ere, adibidez, tira, Esne Beltza taldearekin ere pasa izan zait azken kontzertu jendetsuetan, burua nahasia neukala sentitutakoa eta hitz egindakoaren artean. Beraz xumeki, nahiago izan dut urte hastapen honetan argitaratu, udaberri atarian, ulhaintsa ere oraintxe hasten baita abesten. Nik bizi izan dudan haustura bizi izan duten hainbat lagunen herrietan ere aurkeztu nahi nuke liburua.

Zerk asebeteko zintuzke?

Ezustekoak hartzeko prest nago, gai hau ezagutzen ez duen jendearen aldetik, adibidez, badakit gai honek juzkuak eta aurre kondenak izan dituela, baina sakon ulertu eta aztertzeko gai bat da, sufrimendu iturri bat izan delako. Bihotza irekita idatzi dut hau dena, sentitu dudana dago lerro horietan, ikusi dudana, ondokoek bizitu dutena, edo nik sumatu dudana, liburuan sufrimendu eta maitasun asko dago, hala iruditzen zait eta irakurri dezazula, besterik ez dizut esango.

Eskaintza berezi bat egin duzu.

Bai, amari. Laura Martinez Abando. Bera da nire etxea. Ama batek ekarri gaitu denak mundura, ´oinazen erdian mundurat eman ninduzun; biziaren grazia lehenik, gero hoinbertze maitasun, berant jakin dut, ama maitea,zendako eman dautazun.ª Xalbadorrek esan bezala. Gure amaren ama Chateau de Loire-en egon zen 3 urtez, Frantziara erbesteratu behar izan zen frankismo garaian. Bere aita kartzelan egon zen, hau ere frankismoak zigortuta. Errepublikarrak ziren eta asko zigortu zituzten, baina ama ez da inoiz gorrotoarekin bizi izan. Beti egin du aurrera, barrutik daukana ematen, jendearekin enpatia izanda, inor epaitu gabe, denekin konpontzen saiatuta, samurtasunetik eraiki du bizia. Itzuli naizenean nire aita hilik baina ama bizirik dut, bera dela nire etxea aitortu diot liburuan, ez zekien ezer, aurkezpen egunean jakinarazi nion, liburuaren aurkezpen-ekitaldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!