Aski ezagunak dira Jon Garmendia "Txuria" eta Xabier Solano, ibilbide oparoa egin baitute euskal kantagintzan. 30 urte dira elkarrekin kantu ezagun ugari sortu dituztela. Garmendia izan ohi da letragilea eta Solano, berriz, doinuen sortzailea. Etzakit, Esne Beltza... ereserkia ugari sortu dituzte elkarrekin urteotan guztietan.
Oraingoan "Bidasoatik harago" ikuskizunak batu ditu. Ipuin laburrak eta poemak, trikitixa eta gitarrarekin lagunduta, kantuekin apaindutako ikuskizun bat da. Sortzaileen hitzetan, "hegoaldetik iparraldera eta iparraldetik hegoaldera Bidasoa ibaian barrena, hitzekin eta musikarekin jolasean arituz entretenimendu aberasgarri bat".
Korrika badatorrela, auzolanean antolatu da "Bidasoatik harago" ikuskizuna. Korrika Batzordea, AEK, Manttale eta Aiurri elkarlanean antolatzen ari dira saioa.
Ikuskizuna martxoaren 13an izango da Salesiar ikastetxearen areto nagusian. Iluntzeko 19:30ean hasiko da.
Urnietan Bikain kafetegian eta Kantoi eta Matxo tabernetan salgai daude sarrerak. Andoainen, berriz, Stop eta Ernaitza liburudendetan. 10 euroko prezioan salgai daude.