Enpaztu

Garbiñe Larrea 2026ko martxoaren 6a

Garbiñe Larrea, Xoxokan.

Neska zahartuta ezkondu zen gure amona Baxili eta ezkonduen arteko gauzak nola izaten ziren jakitera, kontseju eske, joan omen zen Izarrera; hango etxekoandre Joxepak bai baitzuen aholku onak ematearen sona. Familia osatu zuen Baxilik eta haren ondorengo garenok beti izan dugu esker onezko Izarrerenganako mira.

[Jon Garmendiaren liburuaren harira Larreak Aiurrirako idatzi duen iritzi-artikulua]

Gauzak nola diren, 2023ko apirilean Artefaktua saiorako elkarrizketa grabatzen ginen Donibane Lohitzunen Jon eta biok. Izan ere, Ganorexia lanari buruzko iruzkina egingo zuen irakurle bat behar nuen eta gutxi iruditzen zitzaizkidan bera baino egokiagoak. Atseden une batean, kafe bana aurrean genuela, Ilaski Serrano eta biok xaxatzen hasi gintzaizkion; ea berak noiz argitaratu behar ote zuen bere liburua, gu zain geundela, irakurtzeko gogoz.

Ez zuen ezustean hartu gure eskea eta hogei bat urtean han eta hemen idatzitako materialak bazituela aitortu zigun baina horiek antolatzen hasteko gauza asko falta zituela. Gogoa dagoen lekuan denbora atera egiten dela edo halako lerdokeriaren bat bota niola uste dut baina berak bi hitz esan zituen: Maider Ziaurriz. Inork bere lanetan eskua sartuko bazuen eta edizio lana egin, pertsona hori bera zela.

Inondik ere espero ez nuela, hara nola, etxera eginkizun batekin itzuli nintzen. Maider konbentzitu behar nuen eta Jonengana eraman, horixe zen tratua. Ez zegoen B planik, Jonek oso argi zituen ideiak. Espero gabeko seinale eta kasualitateei esker, hemen esplikatzeko luzeegiak direnak, Maiderren baiezkoa lortu eta urte hartako San Antonio egunean kafea hartzen ginen berriro Donibane Lohitzuneko plazan.

Hor hasi zitzaigun errebueltaz beteriko bide bat. Edizio lanak erabakiak hartzea esan nahi du eta noiz behinkako krisiak tarteko Maiderrek bere lana fin egin zuen, denok bagenekien bezala. Liburu bat egitearen atzean pauso asko daude ordea eta buruan idaztea besterik izan ez duenak ikusten du gerora zer nolako prozesua bizi beharko duen. Argitaletxe hau edo bestea, zenbatekoa egin tirada, azala nork eta nola, tipografia, nolako aurkezpena eta hedapena egin… Erabaki txiki asko hartu beharreko kate bat dago hor. Horregatik, xaxatzen hasi zen honek amaitu du akuiluarekin eragiten. Testua erabat Maiderren eskuetan zegoenean, bestelako logistika hau kudeatzen laguntzea egokitu baitzait.

Liburugintzan eskarmentu pixka bat izateak baliatu dit Joni lagundu ahal izatea. Liburuari begiratuta baiezkoan nago, lagundu diodala. Bera etorri zitzaidan kontseju eske eta aholku onak eman izana espero dut. Hara nola gure familiaren zor transgenerazionala pagatu ahal izan diodan Izarreri. Urola aldean enpaztu esaten diote eta erabiltzeko modukoa iruditzen zaidalako eta Jonen gustukoa delako ekartzen dut lerro hauetara, enpaztu dudalako pagatzeko handiegia zirudien zorra.

Zalantzaz beteta hasi zen bidea amaitu zaigu liburua esku artean izanda. Liburu hori eskura, non eta Urnietan bertan, Jonek berak eman ahal izan zidanean ere ulertu nuen amaitu zaigula beste bide bat. Goza ezazue liburuaz, lan bikaina da eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!