[Jon Garmendiaren liburuaren harira Ziaurrizek Aiurrirako idatzi duen iritzi-artikulua]
Negar egiten duen miruaren ipuina metafora bat da, Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioz bere herria atzean utzi eta babes bila deserrira joan behar izan zuen gazte euskaldun batena. Gertaera hark piztutako sentimenduak idazteko gai bihurtu zitzaizkion kezka politikoa ez ezik idazle sena ere bazuen gazte hari. Horregatik, distantzia, herrimina, familia, maitasuna, bakardadea eta halako gaiak dira nagusi poema hauetan, jakin gabe ere segur aski honelakoxe asmo batekin idatziak horietako asko: bizitza tupustean aldatu beharrak barruan sortutako aztoramenduari leku egitea, eta, hala ere, ziurgabetasun horretan edertasuna bilatzea, aurrera egiteko helduleku gisa.
Liburuan kontatzen dena historia pertsonal bat da, baina ez dago asmo horrekin idatzia. Une eta toki desberdinetan sortutako poemak dira, hari bati jarraitzen ez diotenak, helburua ez baitzen liburu bat idaztea, baizik eta une bakoitzeko aldarteak, gogoetak, ikusmirak sentiarazitakoa letra bidez kanporatzea, barruko arrangura paperera ekarriz baretzea, eta, zenbaitetan, are hitzekin jolas egitea ere, ariketa estetiko gisa.
Liburua, beraz, han-hemen idatzitako piezekin osatutako collage moduko bat da, baina ez dira bizitza baten txatal solteak. Elkarren segidan jarrita, historia argi bat kontatzen dute, urte luzeetan bizi izandako gorabeheren kontakizun pertsonal bat harilkatzen dute, eta, aldi berean, historia kolektibo bat ere badira, herri honetako beste hainbat eta hainbat jendek pasatu dutenaren lekukotasun bizi bat.
Amarrurik gabe, artifizio ulergaitzetan galdu gabe, poema gordinak dira, zintzoak eta zinezkoak, eta horrek egiten ditu eder. Ideologiaz harago dagoen zer unibertsal bat transmititzen dute, bihotzak elkartzen dituena, minaren hizkuntzak, mutur batekoa eta bestekoa izanik ere, batzeko ahalmena du eta. Hemen ez dago heroikotasunik, ezta epelkeriarik ere, zirkunstantzia baten erretratu garratz eta poetiko bat besterik ez.
Poema batetik besterako bide horretan, sarrera, korapiloa eta amaiera egituraketa klasikoa aurki dezakegu. Zorionez, historiaren amaiera ez da fikzioan soilik gertatzen den gauza bat, baizik eta, kasu honetan, errealitatearekin bat egin duen kointzidentzia liluragarri bat, liburua prestatzen ari ginela jakin baitzuen Jonek joan zenetik bizi izan duen odisea amaitzear zela eta berriz zeharkatu ahal izango zuela hainbeste maite duen baserriko atea.
Alegia, migrazioaldi luze baten ondoren, ulhaintsa hemen dugula berriz ere bueltan. Ohartuko zineten, agian, azkenaldian zein dotore dabilen hegan bazter hauetako lursailen gainean.
