Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, pintxo-pote iberikoak emango diote hasiera jaiari, Sabor a corte enpresako Javier Garcia urdaiazpiko moztailearen eskutik.
Ondoren, Katxorro DJarekin musika zuzenean gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. “Ohiko bezero asko etorriko zaigula espero dugu, baina aldi berean, gainerako urnietarrei ere gonbitea luzatzen diegu, ziur baikaude giro polita sortuko dela”, adierazi dute Maialen Ariasek eta Cristian Gonzalezek.
Pozik dago bikotea Denda Berri taberna kudeatzen igaro dituen bi urteak nola joan diren ikusita. “Asteazkena ez beste egun guztietan irekitzen dugu, goizeko 10:00etatik hasita. Astegunetan gaueko 21:00ak aldera isten dugu eta asteburuetan zerbait luzatzen da gaua. Bi lagunek egiten dugu lan bertan; ez da samurra eguneroko dinamika horri eustea, zergatik ukatu” aitortu du Ariasek. “Nolanahi ere, bikaina izaten ari da hasieratik bezeroengandik jasotzen ari garen erantzuna, eta horrek pozten gaitu. Erronka pertsonala izan zen guretzat taberna kudeatzea, eta martxa hartu dugula esango genuke”.
Taberna baten ohiko edarien eskaintzari, pintxoak eta errazioak gehitu zizkioten hasieratik. “Jakiei dagokionez, plater konbinatuen, ogitartekoen eta hanburgesen eskema izan ohi da taberna gehienen eskaintza, eta hortik aldendu nahi izan genuen hasieratik. Nahiz eta aldez aurretik eskaera egin ezkero zerbitzatzen ditugun aipatutako horiek, hainbat pintxoen eta errazioen (txibierroak, kroketak, tortilla, tripakiak, kokots-uhalak, txistorra...) aldeko apustua egin dugu, eta asmatu dugula esango nuke oraingoz”, adierazi du Ariasek. "Ez gara gehiegi konplikatzen, baina txukun moldatzen gara bezeroek gogoko dutenera".
Pintxoen eta errazioen eskaintzarako ordutegia ere nahiko zabala jartzen dutela gaineratu du Maialen Ariasek.
Elkarteen Etxea, espazio soziala
Elkarteen Etxea eraikina irekitzearekin batera, jarri zuten abian Dena Berri taberna, eta biak eskutik joan dira geroztik. Elkar elikatzen direla esan daiteke.
Urnietako gizarte-politiketako hainbat zerbitzu biltzen dira eraikinean, tartean adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua, zaintzaileentzako laguntza-taldea, edota egoera zaurgarrian dauden eta eskola-laguntza behar duten haur eta nerabeei begirako Aukerak Suspertzen programa. Aldi berean, Denda Berri Jubilatu eta Pentsiodunen elkartearen egoitza kokatzen da bertan, eta baita AEK ikastegia ere.
Asteko martxa zein den kontatu du Ariasek. “Oro har, astegunetan jende heldua izaten da gehienbat bezero; horiez gain, eraikinean AEKrekin ikasten ari direnek, jubilatuen ikastaroetan parte hartzen dutenek edo bestelako herriko elkartetako kideek ere badute ohitura tabernan zerbait hartzeko. Nahiko lasai ibiltzen gara egun horietan. Asteburuetan, berriz, zabaldu egiten da bezeroen adin-tartea eta profila, eta gazte kuadrillak, familiak... izaten ditugu asko. Atsedenik hartzeko ia denborarik gabe aritzen gara Cristian eta biok, kasik”.
Ariasek argi dauka guztiek ere zer topatzen duten eta zer duten estimuan Denda Berri tabernan. “Espazio zabala, lasaia, goxoa eta atsegina da, zarata handiegirik gabekoa, mokadu bat patxadan eta lagunekin tertulian jateko espeziala; gure ustez, ezaugarri horiek baloratzen ditu jendeak batez ere”.
Alde horretatik, Urnietako herritar askorentzat Dena Berri taberna erreferentzia-gune bilakatzen ari dela poliki-poliki, adierazi du Ariasek.