Bidelagun ugari ditu Korrikak Urnietan: Egape Dantza Taldea, Udal Musika Eskola, Manttale, Mintzalagunak, Korrika Batzordeko kideak... eta denen artean egitarau aberatsa ondu dute. KORRIKAn murgiltzeko hilabetea izango da martxoa, beraz.
Bart, Denda Berrin, egitasmo guztien aurkezpena egin dute. Eta, ostiralean, Bidasoatik Harago ikuskizuna izango da Salesiar ikastetxearen areto nagusian.
Haurrak eta gazteak aintzat hartu dituzte, egitarauan. Korrika gauez igaroko baita, baina gaztetxoentzat Korrika Txikia izango da martxoaren 27an. Eta, lehenago, hilaren 22an, dantza, musika eta magia emanaldia. Iago Azkue magoak saioa egingo du Urnietan, Udalarekin lankidetzan antolatutako ekitaldian. Magoak horrela definitu zuen magia, Goiena hedabidean: "Esku-jokoekin eta trebetasunarekin egiten den zerbait da magia. Denok dakigu horren guztiorren atzean sekretu bat dagoela, baina magia sekretu horren gainetik dagoen zerbait da, publikoari erakusten ez zaiona, misterio puntu batekin. Azken finean, ezinezko gauzak posible egitea da".
Aurkezpen-ekitaldia, Denda Berrin
Urnietar asko egitarauaren nondik norakoak ezagutzeko jakin-minarekin bertaratu ziren Denda Berrira. Ekitaldian, AEK-ko kideek jardueren inguruko xehetasunak eman zituzten, eta horretarako, aurkezpen berezia antolatu zuten: Egitaraua xehetasun osoz azaldu ostean, Mintzalagunek hitza hartu, eta haiek idatzitako mezua irakurri zuten. Horren bidez, haien lana omendu eta aitortu zuten. Bestalde, herritarren parte hartzea sustatzeko, hiruhileko bakoitzean euskaltegian egiten duten jolasa antolatu zuten, Korrika hizpide izanik. Amaieran, bertaratutakoek Errigorako olioa dastatzeko aukera izan zuten.