KORRIKA

"Urnietako Korrika Batzordean ondutako egitaraua aurkeztuko dugu"

Lide Ruiz Telleria 2026ko martxoaren 15a

Amaia Izagirre Altuna Urnietako korrika batzordeko kidea da. Korrika iritsi ahala, lanak pilatuko zaizkie AEKko kideei. Ekitaldiei dagokionez, azken hilabeteotako lan partekatuaren emaitza da Urnietan antolatu duten egitaraua.

Egitarauaren antolaketari dagokionez, Korrika batzordea noiztik ari da lanean? Ostegun honetan aurkeztuko duzue, zer nolako aurkezpena aurreikusten duzue?

Korrika Batzordean hiru bilera egin ditugu. Lehenengoa, urtarrilaren 20an izan zen, hurrengoa otsailaren 24an, eta azkena, martxoaren 3an. Hirurak Lekaion egin ditugu, eta nahiko jendetsuak eta parte hartzaileak izan dira. Herriko hainbat eragiletako kideak gerturatu dira, tartean; Kantazaun, Manttale, Poxta Zahar eta Zanpatuzekoak. Bestetik, alderdi politikoetako kideek eta Udal ordezkariek ere parte hartu dute.

Oro har, oso gustura gaude haien parte hartzearekin eta inplikazioarekin. Ostegun honetan aurkezpena egingo dugu. Helburua Batzordean ondutako egitaraua aurkeztea da, besteak beste. Batzordeko kideak etorriko dira, peto-zenbakituak banatuko ditugu, lekuko hartzea eskuratu duten eragileak ere etorriko dira. Horrez gain, herritarrak, ikasleak eta mintzalagunak ere bertaratuko dira. 

Mintzalagunei aurkezpenean haiek idatzitako mezu txiki bat irakurtzea proposatu genien. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu haien lana aitortzea. Bost talde ari dira lanean, eta astean behin ordubetez elkartzen dira bidelagunarekin, ahozkotasuna hobetzeko. Zentzu horretan, haien lana aitortzeko eta omentzeko haiei emango diegu hitza. Haien aurkezpena hiruhileko bakoitzean euskaltegian egiten dugun jolasarekin lotuko dugu. Hiruhileko honetan Korrika izan da gaia, eta orduan, ikasleek egindako lana aurkezteko jolasarekin bukatuko dugu aurkezpena.

Pozik zaudete Korrika batzordeak duen dinamikarekin?

Oro har, pozik gaude Korrika Batzordeak egindako lanarekin. Aurretik azaldu dudan bezala, nahiko parte hartzailea izan da, eta eragile asko inplikatu dira. Denon artean egitarau txukuna antolatu dugu, hori beti da pozgarria. 

Egitarauan haur eta gazteentzako eskaintza nabarmentzen da. Transmisioari garrantzia eman nahi diozue, ezta?

Bai, egitarauan saiatu gara adin guztientzat egokia eta aproposa den egitaraua osatzen. Esate baterako,  22an haurrak izango dira protagonistak, Jago Magoa etorriko da, eta Egape dantza taldekoek eta musika eskolakoek emanaldia egingo dute Saroben. 23an, aldiz, helduak eta gazteak egongo dira erdigunean. Korrika euskararen aldeko ekimena izanik, garrantzitsua iruditzen zaigu euskararen aldeko borroka denona dela ikustaraztea. Horregatik, denontzat egokia den egitaraua ontzeko beharra ikusi genuen. 

Korrika Kulturala auzolanean antolatu duzue, zuentzat pozgarria da hain ezagunak diren kulturgileekin aritzea? 

Bai. Guretzat oso pozgarria izan da Urnietan antolatu izana. Pozgarria eta ohore handia, bai guretzat, bai herritarrentzat. Pozik gaude horrekin, eta uste dugu jende asko bertaratuko dela.

Oker ez bagaude, Korrika produktuak salgai egongo dira ostiralean Salesiar Ikastetxean. Zehazki, zer da salgai jarriko duzuena? 

Bai, egun hori baliatuko dugu petoak salgai jartzeko. Urnietako AEKko kideok izango gara bertan. Aurten gure helburua Korrika iritsi aurretik petonetarik ez pasatzea da. Horregatik, garrantzia ematen diogu petoak orain saltzeari. Horrez gain, inork Korrika Laguntzailea izateko informazioa nahiko balu, pinak eta eskuorriak izango ditugu bertan. Orokorrean Korrikari ekarpena egin nahi dion orok aukera izango du horretarako. 

Ardo dastaketa ere antolatu duzue, azaldu ezazue hori. 

Ardo dastaketa Matxo tabernakoek antolatu dute, eta 26an izango da arratsaldeko 19:00etan. Sarreren prezioa oraindik zehazteke dago. Biba Ardoa-eko arduraduna etorriko da eta ordubete inguruko saioa izango da. Korrika etiketadun ardoak izango dira, ekologikoak eta lau motatakoak. Ardoari buruzko azalpenak emango ditu arduradunak eta tartean “zizka mizka” batzuk jateko aukera egongo da.

Korrika ordu txikietan pasako da. Dagoeneko prest dituzue lekuko aldaketak eta petoak? 

Bai, 24an goizeko 01:00ean pasako da Urnietatik, eta lekuko aldaketei buruzko informazioa bihar bidaliko diet eragileei, baina osteguneko aurkezpenean informazio guztia argitaratuko da. Bertan banatuko dizkiet peto zenbakituak. 

Oro har, pozik zaudete Urnietarrak ematen ari diren erantzunarekin? 

Pozik gaude Urnietarren parte hartzearekin, bai. Esan bezala, hainbat belaunalditako jendea elkartu da batzordean eta denon artean lortu dugu adin guztietarako egokia den egitaraua osatzea, eta haur zein helduek, Korrikan parte hartzea. Euskararen aldeko borroka denona da, eta denoi dagokigu horren alde aritzea. Horregatik, garrantzitsua da gazte zein helduek haurrei hori transmititzea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!