“Bidasoatik Harago”ko protagonisten baitan daude biak, sakontasuna eta alaitasuna. Bizitza kantu bat baita, aldartearen arabera abesten duguna. Sakon aritu zen Garmendia, urrundu beharrak eragin zion minak poesia bilakatuta.
Literatartasuna zerien hitz haiei musika egokia jarri zien Solanok, erakustaldi aparta emanez. Hark zabaldu zuen, gainera, bidea ospakizunera. Ikuslegoa txaloka eta kantuan jarri zuen. Hala, Salesiar ikastetxean zeudenen erantzuna berehalakoa izan zen.
Ehundik gora lagun hurbildu ziren Korrika Kulturalaren baitan antolatutako emanaldira. Koldo Tapiak egin zituen aurkezle lanak, ongietorria emanez, bereziki, sorterrira itzuli zen Jon Garmendia “Txuria”ri. Solano lagun hartuta, hitz eta doinu gozoez bete zuten aretoa.