Joseba Arretxe Goenaga (trikitia), Libe Iribar Rodriguez (ahotsa, trikitia eta panderoa), Leire Ibañez Urdangarin (baxua), Enaitz Mendizabal Elizegi (bateria) eta Noa Sarriegi Santa Cruzek (ahotsa eta gitarra) osatzen dute Komerik taldea. Musika eskoletan hazi eta hazitako urnietar eta hernaniar gazteek 2023ko irailean jo zuten jendaurrean, lehenbizikoz, Komerik talde gisa, eta jada makina bat plazatan jardun dute geroztik.
Doinu zein kantutegi tradizionalekin lotu izan dira erromeriak, eta oinarri horri eusten dio boskoteak. Nolanahi ere, gaur egungo euskal melodi berriak ere tartekatzen dituzte, Azkorten erakutsi ahal izan zuten bezala.
Ondoko herrian, Andoainen, bezperan, gau galanta zegoen iragarrita gazteentzat. Tentaldia eduki zuten hara joateko, baina etxean geratzea erabaki zuten, jakinda goiz samar zela Azkorten eman beharreko musika saioa. Horrela, emanaldi berezi samarra zela Azkorteko erromeria aitortu zuen Joseba Arretxek, oholtzara igo aurretik. “Beti dauka aparteko esanahia herrian jotzeak; plazera da guretzat, eta eskertu behar diogu udalari aukera hau eman izanagatik. Astegunetan izaten da normalki, eta herriko gazteek ez daukate hartuta igotzeko ohitura; gehiago hartzen dute parte adinean gora doazenek. Hala ere, badakigu senide eta ezagun batzuk etorriko zaizkigula gaurkoan, dagoenari aurre egingo diogu”.
Adierazi zutenez, ez daude ohituta goizeko 11:00etan jotzera, baina gogo onez hartu zuten aukera, “ilunabar-gaueko giroan jotzekoak gara gehiago, eta erakargarria egiten zaigu tarteka erregistro horretatik aldentzea eta bestelako formatuak probatzea”.
Gauzak horrela, errepertorioa bertan zegoen ikuslegoaren arabera moldatzen badakitela erakutsi zuten, eta ondo gauzatu zutela aurretiaz jarri zuten nahia, esan daiteke.
Plazetan hasi berri samarrak dira, baina ibilian-ibilian, gehitzen joan zaizkie jotzeko eskaerak. Uda izan arren erromeria-taldeentzat urteko sasoirik oparoena, udaberrian ere sasoi betean dabiltzala adierazi zuen Arretxek, “zenbait plaza lotuta dauzkagu jada, eta beste asko baieztatzeko dauzkagu. Gertuenak, oraingoz, maiatzaren 22an Bergaran eta maiatzaren 29an Urnietan, gazte festan”.
Plazetako dantzaldiak indarberrituta ote dabiltzan galdetuta, baietz erantzun zuten. “Badaude aldeak tokitik tokira, baina euskal giroetan ikusten da gero eta errazagoa dela jendea mugitzea”.
Maiz, Disko Jartzaileekin partekatzen dituzte gauak. “Gure txanda izan ohi da lehenbizi, eta ondoren DJa dator. Nork bere publikoa eramaten du plazara, eta elkar partekatzen ditugula esan daiteke; bateragarriak izateaz gain, aberasgarria ere egiten zaigu proposamen hori”.