Hamasei kirolariek osatuko dute Urnietan iragarri duten herri kirolen saio bikaina, esan bezala. Batetik, “Izar berriak” gazteen aizkora txapelketan hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak, Astigarragan maiatzaren 31n izango den finalerako txartela eskuratu nahian: Ioan Goikoetxea-Jon Erdozia, Jon Zaldua-Joanes Izagirre IpiÒa, eta, Igoin Pikabea-Mikel Santesteban. 16-23 urte bitarteko aizkolariak dira guztiak.
Hiru herrikide ikusteko aukera izango da: Nerea Arruti aizkolaria eta Malen Morandeira eta Beñat Telleria harri-jasotzaileak
Emakumezkoen mailan, berriz, lau bikote plazaratuko dira San Juan plazan: Malen Barrenetxea-Nerea Arruti, Irati Astondoa-Ainize Perez, Oihana Fernandez de Barrena-EkiÒe Lopez, eta, Uxue Ansorregi-Maika Ariztegi.
Azkenik, Beñat Telleriak eta Malen Morandeirak erakustaldiak egingo dituzte harriekin.
Agurainen apirilaren 6an ekin zioten mutil gazteen eta emakumezkoen txapelketa banari, eta geroztik Altsasun, Donezteben eta Etxarri Aranatzen jokatu dituzte ligako saioak.
Arrakasta handiko bi txapelketa
Bi txapelketek aizkolarien munduan ikuskizun handia sortu dutela adierazi du Xabier Barrenetxeak. “Gazteen eta emakumeen artean bikotekako txapelketen ideia proposatu ahala, egundoko erantzuna jaso dugu. Geroztik, txoratzen dabiltza txapelketetan murgilduta. Izan ere, plazak behar dituzte aizkolariek; are gehiago gazte hasi berri samarrek, zaletuentzat apenas baitira ezagunak. Gainera, egin behar da kontu, lehiaketa ofizialen eta jaietako erakustaldien garaia pasa ostean, negu partean, zazpi-zortzi bat hilabete izaten direla herri kirolak nahiko geldirik egoten direna; geldialdi horrek atzendu egiten du kirolaria, ez baitauka pizgarririk segitzeko”.
Barrenetxeak gaineratu duenez, kirolariengan ez ezik, kirol zaleengan ere binakako harrera ezin beroagoa eragin du Rural Kutxa Binakako Aizkora Txapelketak. “Jendez lepo jarri ditugu plazak orain arte, Agurainen, Donezteben, Altsasun nahiz Etxarri Aranatzen. Osagai ugari biltzen baitituzte txapelketek: lehiaren xarma, gazteak eta emakumeek izatea parte-hartzaileak, horiek Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak izatea, aizkoran hiru modalitateetan (lan luzea, zutika eta kolpeka) jardun behar izatea...
Zertzena elkartea, bultzatzailea
Herri kirol zaleek aurten bertan ofizialki sortu duten Zertzena Herri Kirol elkarteak antolatu du txapelketa bikoitza. Xabier Barrenetxea astigartarrak eta Gabriel Saralegi leitzarrak dira bere bultzatzaile nagusiak. Herri kiroletako modalitate guztientzat irekitasuna erakusten badu ere, aizkoran bideratu ditu ahaleginak printzipioz.
Barrenetxeak adierazi dizkigu zeintzuk diren elkartea sortzeko arrazoiak, eta zeintzuk bere helburuak: “lan asko dago egiteko herri kirolak eta herri kirolariak sustatzeko, baina denetara ezin iritsi-eta, batik bat, gure ekimenak, aizkorari heldu dio, 16-23 urte bitarteko aizkolariekin eta emakumeekin hain zuzen. Gabrielek eta biok bultzatu dugu elkartea, baina ezinbestekoak diren makina bat kolaboratzaile batu zaizkigu. Poztekoa da hori”.
Luis Mari Bengoak eta Egur Sport enpresak erretiroa hartu dute aizkora munduan urtetan hainbeste lan egin eta gero, eta jada antzematen den hutsunea pittin bat betetzeko asmotan direla gaineratu du Barrenetxeak. Bestalde, gogoan hartu dute etorkizun laburrean lege berriak helduko direla herri kiroletara, eta horrela, kirolari guztiek lehiaketa ofizialetan parte hartzeko derrigorrezkoa izango dutela elkarteren batean izena emanda egotea. Alde horretatik, Zertzena elkarteak herri kirolari mordoxka erakarri du, Urumea eta Buruntzaldeko kirolariak batik bat, eta tartean dira Urnietako Telleria anai harri-jasotzaileak, Nerea Arruti aizkolaria eta Julen Gabirondo segalari-aizkolaria. “Gure elkarteak ateak zabalik dauzka herri kirolari guztientzat” Barrenetxea zehaztu nahi izan duenez.
Herri kirolak legeek behartutako egoera berrira egokitu beharko direla gaineratu du Barrenetxeak, “Elkarteak eratu egin beharko dira, izan ere, gaur egun, apenas dauden bospasei: Ostolaza eta Izetaren harri eskolak, Urretxu-Zumarragan herri kirolen taldea, Mutrikun eta Ibarran soka tira elkartea...”.
Herri kirolak sustatzea, herri kirolariak plazara eramatea, eta, herri kirol zaleentzat erakargarriak izango diren lehiaketak eta erakustaldiak plazan antolatzea jarri ditu xede elkarteak, eta horretan dabil.
Alde horretatik, Leitzan eta Astigarragan moldatu dute leku bana egur mozketan treba daitezen aizkolariak. “Gabriel (Saralegi) aizkolarien prestatzaile bikaina da, eta aizkolari mordoa joaten da berarengana Leitzara, Plazaolako estazio zaharraren ondoan dagoen entrenamendu-gunera”. Herri kirolen esentzia errespetatuz, publikoa erakarriko duen osagai ikusgarriak antolatzen saiatzen ari da Zertzena elkartea, txapelketekin eta erakustaldiekin ez ezik, baita markak ezartzeko saiakerekin ere. Alde horretatik, adibidetzat jo daiteke Nerea Arrutik eta Malen Barrenetxeak Oialumeko biltokian, Ergobin, joan den azaroan ezarritako marka (kanako enbor baten mozketa lehenak, eta oinbiko enborra 15 urterekin bigarrenak).
ZERTZENA ETA ZAPLANA
“Aizkora munduan asko erabiltzen diren hitzak dira: egurra aizkorarekin ebakitzen denean, bi alderdi edo sekuentzia izaten ditu: angelu handiarekin hartzen dena, gozo-gozo, hori zaplana da; tentexeago sartzen dena, hori zertzena da”.