"Oso polita izango da"

Jon Ander Ubeda 2026ko maiatzaren 18a

Begibistan da XX. Urnieta Erromerian ospakizuna: maiatzaren 23a iristeko atzera kontaketan murgilduta, entsegu-orokorrera hurbildu da Aiurri astekaria. 

"Oso gustura gaude"

Haurtzaroa eta Egape elkarrekin lotuta doaz Leire Garin eta Janire Navarrorentzat. Janire hasi da hizketan lehena: “aspaldian dantza taldeko kide izan ginen biak, eta Egapekoek aurtengo ospakizunaren berri eman ziguten. Hitzordua aparta zenez, izena ematea erabaki genuen”. Leirerentzat aurreko asteburuko entsegua aspaldiko lanketen berreskuratze ariketa bat izan da: “Nire lehen erreakzioa izena ez ematea izan zen, Egaperen dinamika utzi nuenetik urteak igaro baitira. Lagunak gustura zebiltzala ikusita, proba egitea erabaki nuen: bi entseguetara etorri gara eta oso gustura gaude. Ea zer moduz doan erromeri eguna!”. Iraganera itzultzeko leihotxo bat zabaltzearen pareko esperientzia izaten ari da bientzat. “Txikitako garaietara itzultzearen parekoa izan da. Oso gustura joaten nintzen dantzara. Eta orain ere ondo pasatzea da helburua”, dio Leirek.

"Sentsazio onak ditugu"

Ainara Isasti eta Unai Iraolarentzat freskatze saioak izan dira entseguak. “Entsegu irekietara hurbildu gara aspaldian egiten genituen dantzak berreskuratzeko. Ainara eta biak talde berean aritu gara txikitandik”, zehaztu du Unaik. Eta Ainarak jarraipena eman dio Unaik adierazitakoari: “Urtero parte hartu dugu erromerian, oroitzapen onak gordetzen ditugu eta saio hauetan guztietan ondo pasa dugu. Gainera, dantzari ohiekin egoteko eta aspaldiko dantzak berreskuratzeko aukera bikaina izan da”. Gustura eta gogoz daude biak: "Sentsazio onak ditugu eta espero dugu jaialdia ere ondo joatea”

"Dantzak batzen gaitu"

Nolakoa izango da Urnieta Erromerian jaialdia? Kimetz Cabanillas eta Janire Senperena dantzariek egin dute aurrerapena: "hilaren 23rako egun polita antolatu dute. Txaranga doinuekin abiatuko da eguna. Kalez kale ibiliko gara eta, eguerdian, emanaldia egingo dugu San Juan plazan. Emanaldi nagusian bost dantza ezagunenak egingo ditugu. Txikiak, gazteak eta beteranoak, guztiak batera ariko garen saioa izango da eta, ondoren, bazkaria izango da parte hartzaile guztientzat. Arratsaldean dantzaldi berria egingo dugu eta hura askea izango da: herrikide eta dantzazale guztiei zabalik izango da. Guztiak elkarrekin dantza egin ahal izango dugu”.

Giroan, partaideen artean, dagoen sentipena deskribatu du Kimetzek "urteroko erromeriak kutsu berezia hartuko du aurten. Bereziki, aspaldian kide izan ginenok parte hartzeko aukera eman zaigulako. Uste dut denon artean giro ona sortuko dugula Urnietan. Dantzak batzen gaitu eta elkarrekin aritzea handia izango da".

"Oso polita izango da"

Dantzari ohien artean egindako entseguetan, Irantzu Oiartzabali eta Irati Expositori ere gogotsu antzematen zaie. Ez dute inor kanpoan utzi nahi, gainera: "urnietar guztiak gonbidatu nahi ditugu ospakizunaz gozatzera: oso polita izango da". Ondo gogoan dituzte, gainera, maiatzaren 23an dantzatuko dituzten piezen izenak: Marizulo, Egi bila, Urnieta 400, Eteneta eta Mulisko. Guztiak, Txanbolin txistulari bandari lotuta daude, Egaperen bidelagun izan baita hogei urte hauetan: Egape DTk sortu dituen koreografien soinu banda Txanbolinek musikatu baitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!