"Oso egun polita izango da"

Lide Ruiz Telleria 2026ko maiatzaren 22a

Izarne Moreno Manterola, Nekane Ubillos Zipitria, Leire Ros Juan eta Nagore Aroztegi Zubillaga.

XX. Urnieta Erromerian jaialdia asteburuan izango da. Antolaketa-lanetan, belaunaldi berri bat hasi da ardurak hartzen. Haietako batzuk dira Leire, Izarne, Nekane eta Nagore. 

Ibilbide oparoa egin du Egape Dantza Taldeak, urte hauetan guztietan. Gidari lanetan, hasiera-hasieratik, guraso taldea ari da eta, etorkizuna ardatz hartuta, talde barruko dinamikan eraldaketa sustatzen ari dira. Belaunaldi berria antolaketa eta ardura lanetan murgiltzen ari da, pixkanaka. Konpromisoa eta erantzukizuna hartzearen beharraz jabetzen dira Leire Ros Juan, Izarne Moreno Manterola, Nekane Ubillos Zipitria eta Nagore Aroztegi Zubillaga. Aiurrik laurak elkartu ditu asteburuko ospakizunen atarian.

Konpromisoa eta erantzukizuna hartzearen beharraz jabetzen dira Leire Ros Juan, Izarne Moreno Manterola, Nekane Ubillos Zipitria eta Nagore Aroztegi Zubillaga

Egape dantza taldean ardurak hartu dituzue guraso modura, zer moduzko esperientzia da?

Leire Ros Juan. Nire harremana Egape Dantza Taldearekin duela urte batzuk hasi zen, nire alabak 5 urte zituela. Egapen sartzea erabaki nuenetik, taldeko giroa eta egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Batzordean aspalditik dabiltzanek lan handia egin dute, eta neurri handi batean haiei esker Egape Dantza taldea da gaur egun dena. Bestalde, elkarteko kideek, lanak aurrera eramateko laguntza eskatu zuten, eta antolaketan laguntzera animatu nintzen. Azkenean, horrelako talde eta ekimenek aurrera egiteko jendearen inplikazioa behar dute, eta denon artean laguntzen ez badugu, egun, Egape ez litzateke berdina izango. Egape Dantza Taldeak badu izaera propioa; ez dira ohiko euskal dantzak bakarrik: abestiak, jantziak eta dantzak ere originalak eta bereziak dira. Nire ustez, horrek egiten du taldea hain erakargarri eta ezberdin.

Izarne Moreno Manterola. Denbora gutxi daramat, urtebete, hain zuzen. Kulturalki beti lotuta egon naiz Egape Dantza Taldeari; dantzari ohia naiz eta seme-alabek ere dantzan jarraitzen dute. Hori kontuan hartuta, beharrezkotzat jo nuen batzordean parte hartzea, eta egiten diren gauza guztietan laguntza eskaintzea. Lan asko dago, eta denbora gutxi edukitzen dugu antolatzeko, baina, jende gehiagoren parte hartzearekin dena errazagoa da. Horri esker, emaitzak ateratzen dira.

Nekane Ubillos Zipitria. Nire alaba 4 urterekin hasi zen, eta orain, DBHko lehen mailan dago. Ikasturte honetara arte nire ekarpena nahiko txikia izan da;  dantzari egunean hainbat taldetan arduradun gisa aritu naiz, alabarenean nahiz semearenean, eta laguntza eskatu dutenean nire alea jartzen saiatu naiz. Alabak dantzan jarraituko duela ikusita, taldeko batzordean sartzera animatu nintzen. Funtsean, esan duten bezala, lana gehiagoren artean banatzen denean errazagoa izaten delako, eta nik nire ekarpena egiteko gogoa nuen.

Nagore Aroztegi Zubillaga. Nekaneren bide bera egin nuen. Alabak talde berean ditugu, eta dantzari txikien egunean beti parte hartu dut. Laguntza behar zela esan zuten, eta ni prest nengoen nire ekarpena egiteko.

"Laguntza behar zela esan zuten, eta ni prest nengoen nire ekarpena egiteko"

Ikusten ez den lan asko dago ekimen hauen atzean. Zuen kasuan, nola banatu duzue lana?

Izarne M.M. Bilera dezente egin ditugu. Bileretan erabaki dugu norberak zein ardura hartuko zuen, eta norberaren eskuragarritasunaren arabera banatu ditugu: bazkariaren antolaketa, musika taldea koordinatzea, rifak saltzea eta argazkilaria kontratatzea, besteak beste. Ez dago zehaztuta, bakoitzak zer egin behar duen, bakoitzaren denboraren arabera adosten dugu lan banaketa.

Nagore A.Z. Gure atzean lan talde handi bat dago, Egape Dantza Taldean hasiera hasieratik lanean ibili direnak, eta oraindik jarraitzen dutenak; Jaione, Leire, Arantxa, bi Anak, Axun… Izugarrizko lana egiten dute.

Leire R.J.  Gu sartu berriak gara, eta oraindik ikasten ari gara. Ahal den neurrian laguntzen saiatu gara.

Egaperen gakoetako bat auzolana da. Zein iritzi duzue orain arte egindako ibilbideaz?

Nagore U.Z. Uste dut, kanpotik oso erraza ikusten dela dena; dantzari txikien eguna, rifak, bestelako ekitaldiak… Baina barruan sartzean jabetzen zara horren atzean dagoen lanaz, eta horrek eskatzen duen konpromisoaz. Uste dut, askotan, ez dela balioan jartzen atzetik dagoen lan hori guztia.

Izarne M.M. Asteburuan 20. urteurrena ospatuko dugu baina gure eginkizuna ez da horretara mugatzen. Ikasturte osoan emanaldi desberdinak daude, eta horien antolaketa osoa batzordeak kudeatzen du. Adibidez, duela hiru aste dantzari batzuk Hernanin egin zuten emanaldia, eta beste batzuk, berriz, Oiartzunen. Orain arte ez genuen Dantzari Txiki egunean arduradun gisa parte hartu eta eginda topatzen genuen. Orain, aldiz, barrutik ari gara dena antolatzen.

Batetik, beteranoak, bestetik, hasi berriak. Belaunaldi artekotasuna ondo uztartzen da?

Nekane U.Z. Ondo, baina azpimarratu nahi dut ez dela belaunaldi-erreleborik egon. Oraindik, ikasten ari gara.

Izarne M.M. Hori da. Gure lehen urtea da, eta ikasten ari gara. Baina, uste dut, jendea konturatu behar dela, oso polita direla Urnieta Erromeria eta antzeko emanaldiak, baina hori aurrera ateratzeko, batzordean jendeak parte hartu behar duela. Jendeak informazioa ere eskatzen du, baina, beharrezkoa den guztiaz jakinarazten diegula esango nuke, informazio gehiago nahi baldin badute batzordean parte hartzeko esango nieke.

Nagore A.Z. Bai izugarrizko lana dago, eta eskulana behar da. Horregatik, oso positibotzat jotzen dugu aurreko belaunaldiek bidea ireki izana. Orain, egokitzea eta ikastea dagokigu guri.

Nekane U.Z. Esandako guztiari gehituko nioke ez dudala Egape Dantza Taldea eskola kanpoko dantza talde soil gisa ikusten. Maila oso altua dago, eta oso dantzari onak daude, DBH eta Batxilergoan, batez ere. Pena emango lidake gurasoak ez inplikatzeagatik, gazteek horrelako esperientziarik ez bizitzea. Haientzat oso hunkigarria da; ez da besterik gabe dantza egitea. Gurasoen konpromisoa txikiagoa izango balitz, uste dut haien esperientzia ez litzateke berdina izango.

"Pena emango lidake gurasoak ez inplikatzeagatik, gazteek horrelako esperientziarik ez bizitzea"

Nola gogoratzen dituzue euskal dantzak aspaldiko garaitan?

Izarne M.M. Lehen dantza oso desberdina zen. Dantza eskola kanpoko jarduera gisa ikusten genuen; entseguetara joan, ikasturte amaieran Saroben emanaldia egin, eta kito. Ez zegoen besterik.

Nagore A.Z. Nik oso oroitzapen polita dut. Kuadrillan animatu ginen, eta izugarria izan zen. Izan ere, ikusi genuen ez zutela betiko euskal dantza egiten, zerbait berezia zuen. Horren harira, kuadrillakoek izena ematea erabaki genuen, eta oso talde polita sortu genuen.

Egaperen oinarria tradizioa eta berrikuntza nahastean datza. Hori izan da akaso arrakastaren gakoa?

Leire R.J. Bai, hain zuzen ere, hori da Egape erakargarria egiten duena.

Nekane U.Z. Bai, adibidez, lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek Hernanin dantzatzen dute, eta bertan, dantza eta musika tradizionalek indar handiagoa dute. Egape Dantza Taldean, aldiz, dantzek kutsu desberdin bat dute, eta jendeak hori nabarmentzen du.

Izarne M.M. Bai, adibidez, Korrikaren abestiarekin koreografia sortu dute. Niretzat hori oso hunkigarria da.

Nagore A.Z. Hain zuzen ere, horrek egiten du ezberdin Egape.

Nekane U.Z. Bai, dantzari gazteentzat ere askoz erakargarriagoa da.

Larunbat honetako ospakizunaren atarian gogotsu al zaudete?

Nagore A.Z. 20. urteurrena izanik, oso gogotsu gaude. Era berean, erronka handia da, lehen aldiz, festetatik atera baita, eta egun osoko egitaraua antolatu da, garrantzi berezia emateko. Oso egun polita izango da. Ea eguraldiak laguntzen duen.

Izarne M.M. Bai, gogotsu gabiltza antolaketa lanetan; alde batetik, gure alabek dantzatuko dutelako, eta bestetik, gu batzordean gaudelako. Azken hilabeteetan, ez gara horrenbeste bildu, baina egunerokoan lanean ari gara behar bezala ateratzeko eta egunaz disfrutatzeko.

"Gogotsu gabiltza antolaketa lanetan; alde batetik, gure alabek dantzatuko dutelako, eta bestetik, gu batzordean gaudelako"

Nekane U.Z. Lanari dagokionez, uste dut, denon artean nahiko ondo banatu dugula.

Izarne M.M. Bai. Antolaketak aurrera egin ahala, erabakiak hartzen joan gara, eta horren baitan, banatu dugu dena.

Zer esango zeniekete  haur eta guraso berriei taldera hurbildu daitezen?

Leire R.J. Herrian zorte handia dugula, Egape Dantza Taldea izateagatik. Geroz eta ume gehiagok ematen dute izena, eta pena litzateke gurasoek Egape aurrera ateratzeko bultzada ez ematea.

Izarne M.M. Zure alabak dantza egiten baldin badu, eta emanaldi bat baldin badauka, guraso gisa zergatik ez zenuke lagunduko hori antolatzen? Denon artean askoz errazagoa da. Aurreko belaunaldiak batzordea uzten joango dira, eta atzetik goazenak horri ekin behar diogu, batez ere, gure seme-alabek era berean disfrutatzen jarraitzea nahi badugu.

Nekane U.Z. Gainera, zoritxarrez, Urnietan euskararen egoera ez da oso ona, eta Egapen parte hartzea aukera bat da euskal kulturari bere tokia emateko. Herrian dantza, euskara eta euskal kultura kalean bistaratzeko aukera bat da. Hori arrazoi on bat da guraso gehiago animatzeko.

"Herrian dantza, euskara eta euskal kultura kalean bistaratzeko aukera bat da" 

Egun, aukera ugari daude aisialdiari dagokionez. Horrek zuzenean eragingo du Egape Dantza Taldearen etorkizunean?

Nekane U.Z. Uste dut, oso erraza dela dantza taldean sartzea, ikastolan antolatzen den eskolaz kanpoko jarduera bat denez, eta ikastolak bideratzen duenez, errazagoa ikusten dut ikasleak bertara hurbiltzea. Gainera, horrelako ekitaldi handiek ikusgarritasuna ematen diote taldeari.

Leire R.J. Gure alaben belaunaldia oso gogotsu datorrela esango nuke. Geroz eta nagusiagoak dira, eta ikusten dugu haiek direla dantzatzen jarraitu nahi dutenak. Txikitan adibidez, guk bultzatzen genituen, baina orain haiek dira jarraitzeko borondatea dutenak. 

Izarne M.M. Bai. Lehen azaldu dugun bezala, Egapeko dantzak ez dira betiko dantza tradizionalak, berritasun kutsu hori dute, eta hori jendeari erakargarri egiten zaiola uste dut; gazteek, behintzat, ondo erantzuten dute. Egia da, hasieran euskal kultura gogoko dugun gurasoak garela seme-alabak animatzen ditugunak, baina, ondoren, haiek dira jarraitu nahi dutenak, eta emaitzak hor daude.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!